Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolako ikasle talde batek Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta ikastolan kalistenia parke bat diseinatu, eraiki eta instalatzeko diziplina arteko anbizio handiko proiektu bat gauzatu du.
Prozesu luzea izan da, ondo prestatua, emaitza behar bezalakoa izan dadin.
Giharrak landu eta indartzeko
Kalistenia giharrak lantzeko tresnarik gabeko ariketa-sistema bat da, nork bere gorputzaren pisua erabilita gihar-taldeak indartu ditzan.
Helburua indarra irabaztea da, bai eta malgutasuna eta hobekuntza aerobikoa ere. Kalisteniaren ezaugarririk nabarmenena makinarik behar ez izatea da, ia edonon egin daitekeelako, eta, kalistenian aritzeko, horretarako prestatutako parke bat behar izaten da: barra-parke delakoa. Halako parkeetan hainbat ekipamendu egoten dira, hala nola flexio-barrak, uztaiak, barra paraleloak eta abar.
Hala, kalistenia parke ederra diseinatu eta gauzatu dute Aretxabaletako Lanbide Heziketa Eskolako ikasleek. Kirola naturan eta modu seguruan egiteko arau eta gomendioak hartuta gozatzea soilik geratzen da.
LAU HILABETEKO PROIEKTUA EGITEKO, ESKOLAKO HAINBAT ZIKLOTAKOEN LAGUNTZA IZAN DUTE
Talde-lanean eginda
Kalistenia parkea egiteko proiektua irailean hasi zuten, eta hainbat heziketa zikloren laguntza izan dute. Lan teknikoa eta irisgarritasun-irizpideen integrazioa nabarmendu behar dira, egindako proiektu osoa kontuan hartuta. Hori da irakasleek adierazi dutena, azken emaitzari erreparatuz. Izan ere, metal-eraikuntzen zikloko ikasleek –2CM3 taldeak– proiektuaren plangintza eta gauzatzea gidatu zuten, eta, parkearen irisgarritasuna bermatzeko, menpekotasun egoeran dauden pertsonen arretako 2AP2 zikloko taldeko ikasleek diseinuan parte hartu zuten, instalazioa hainbat desgaitasun dituzten pertsonek erabil zezaketela ziurtatzeko. 2ME2 taldeak fabrikazioaren mekanizatuak egin ditu; soldadura lanak, berriz, 2SC2A eta 2SC2D taldeek egin dituzte; pintura lanak karrozeria zikloak –2KA2– eta automozioko zikloek egin dituzte, 1AU2 eta 2AU3 taldeek. Azken muntaia lanak, 2SC2A eta 2SC2D taldeek.
Bezeroak –Lauaxeta ikastola– diseinuaren ezaugarriekin eta soldadurako irakasleek jarritako mugak erronkak izan dira gaitasun teknikoak garatzeko. Azken finean, helburua izan da ikasleen ikasketa prozesua, Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskola ez baita enpresa bat.
Lehiaketan irabazle
Lau hilabeteko lanaren ondoren, kalistenia parkea Lauaxetan kokatu da, azkenean, kirola egiteko eta inklusiorako gune bihurtuta. Prozesua amaitu arren, bide berriak ere ireki nahi izan dituzte egindako proiektuarekin. Izan ere, publizitate-lehiaketa batera aurkeztu dute proiektua, eta bertan irabazle izan dira, kalistenia parkeak duen funtzionaltasunagatik eta diseinuagatik ez ezik, gizartean eta hezkuntzan duen eraginagatik ere.
Eredugarri izaten
Aretxabaleta Lanbide Heziketa Eskolak aspaldi dihardu ekimen solidarioetan parte hartzen, eta horrela jarraitu nahi du aurrerantzean ere. Lan eredugarri horretan ikusten denez, gainera, proiektuak aukeratzeko orduan kontuan izaten ditu ziklo ezberdinak uztartzea eta elkarlana sustatzea, eta aurrera begirakoak ere bide beretik egin nahi ditu.