Herriko bazterrak alaitzera eta aztoratzera etorriko da Txapel Txin bihar, zapatua, aurreko bi egunetan herriko ikastetxeetatik pasatu ostean. Txapelaroa kalejirarekin, mozorroa gertatzeko astebete inguru geratzen dela gogoraraziko die herritarrei. Hain zuzen ere, horretan dihardute karrozak prestatzeko lokalean hamar bat kuadrillak, eta beste horrenbestek han edo hemen, isilean.
40 lagun bazkaltzeko
Hamazortzigarrenez ospatuko den jaiari umeek emango diote hasiera, eguerdi partean, eta haiekin batera erraldoiek eta gaiteroek jardungo dute kalejiran, Herriko Plazatik abiatuta; ondoren, 13:00etan, Txapel Txin batuko zaie. Bazkaltzeko, paella gertatuko du Aretxabaletako sukaldari talde entzutetsuak, eta 40 lagun inguru elkartuko dira, Kurtzebarri eskolako barruko kantxan; Glutenbakuak taldeak girotuko die haiei bazkalostea.
Aratusteei ongietorria egiteko pregoia 18:45ean botako du Txapel Txinek, eta ondoren, Zutik elektrotxarangak dantzan jarriko ditu kalean batutakoak. Gauean, Mugi panderoa taldearen erromeria izango da Mitarte kalean.
Bola-txapelketak
Bestetik, Aratusteen bueltako bola-txapelketak bihar, zapatua, jokatuko dituzte, UDAko bola-taldeak antolatuta. 16:00etan hasiko da gazteen, infantilen eta jubenilen mailetakoa, eta 22:30ean helduena.
Antolatzaileek adierazi dute urtean zehar Aretxabaletan jokatuko diren zazpi-zortzi txapelketaren artean lehenengoa izango dela biharkoa, eta sailkapen bat osatuko dela horietan jasotako emaitzekin, herriko bolari onena hautatzeko. Urte bukaeran sailkapen horren buru denak 200 euro eta txapela jasoko ditu.