Ongizatean eragiteko tresna diseinatzen

Mirari Altube Arrese 2025ko ots. 14a, 10:54

Nerea Zubillaga zinegotzia, lanketaren berri ematen, eta atzean Garaiako teknikariak aurkezpenerako gertu.

Gazteen ongizate emozionala definitzen duten hainbat aldagai aztertu dituzte azken hilabeteotan Aretxabaletako eta Eskoriatzako herritar askok parte hartu duten prozesu baten bitartez, eta orain, han jasotako emaitzak aurkeztu dituzte.

Gazteen ongizatearen gaineko lanketa baten beharra atzeman zuen Aretxabaletako Udalaren Prebentzio Mahaiak, eta, Eskoriatzako Udalarekin bat eginda, 2024ko ekainean abiatu zuen hori. Garaia enpresak bideratu duen 1.000 lagunen baino gehiagoren ekarpenak batu dituzte parte-hartze prozesu baten bidez, eta emaitzak aurkeztu dizkiete herritarrei orain. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Nerea Zubillaga pozik dago lanketarekin: "Eragile mordoa inplikatu da, eta jasotako datuei beste balio bat ematen die horrek".

Drogen kontsumo "normalizatua"

Ikasleen artean galdeketak egin zituzten lehen fasean –Kurtzebarri, Arizmendi Ikastola eta Lanbide Hezkuntza–; 909 gaztek hartu zuten parte. Erantzunen bidez jaso dute %86 pozik bizi dela, eta familiarekin duten harremanari balio handia eman diote. Sexualitatearen, teknologia digitalen, apustuen eta substantzien kontsumoaren gainean galdetu zieten haiei, baita foroak antolatu ere. Haiek esan dute drogen kontsumoa oso normalizatua dagoela udalerrian, eta normalizazio horren aurka ezer gutxi egin dezaketela gazteek. Mugikorraren gehiegizko erabilerak ere arduratzen ditu, eta onartu dute sare sozialen erabilera eta bideojokoena oso ohikoa dela. Adikzioen prebentziorako jasotzen dituzten tailerrak eraginkorrak izan arren neurri gehiago behar direla uste dute. Bullying-ak eta eraso sexualek ere kezka eragiten diete.

Udalerri "osasuntsuagoa eraikitzeko" hainbat proposamen egin dituzte: lehentasuna ematea buruko nahasmena duten pertsonei; drogen eskuragarritasuna murrizteko neurriak hartzea; eta gazteak kirola egitera animatzeko ekintzak indartzea, besteak beste.

Kezkak eta arriskuak

Herritarrek parte hartu duten foroetan eta egindako galdeketan ere gazteek dituzten kezka berberak jaso direla jakinarazi zuten.Ongizate emozionalaren pertzepzioari dagokionez, DBHko bigarren ziklokoek balorazio oso baxua egin dute; esan dute ez direla kontuan hartuak sentitzen eta presioak jasotzen dituztela hainbat eremutatik.

Behin hori guztia esku artean, honako ondorio hauek atera dituzte: substantzien kontsumoa eta substantziarik gabeko portaerak oso normalizatuta daudela komunitatean eta legeak ez direla zorrotz aplikatzen; eta arazo emozionalei dagokienez, gazteen artean antsietatearen, depresioaren eta osasun mentaleko beste arazo batzuen prebalentziak nabarmen egin duela gora. Bestetik, gabeziak atzeman dituzte prebentzioan: "Familien inplikazio handiagoa behar da, eta familia horien prestakuntza hobetu egin behar da". Eta lehentasunez landu beharreko ekintzak zerrendatu dituzte: gazteentzat aholkularitza zerbitzuak; ikasleekin prebentzio lana goizago hastea; familientzako aholkularitza zerbitzuak; aisialdiko eta denbora libreko eskaintza gehiago; prebentzioa eta osasunaren sustapenerako kanpainak; familientzako formakuntza-saio gehiago; herrian parte hartzeko aukera edo baliabide gehiago eta elkarteentzat dirulaguntza gehiago.

Eskaintza proposamen bat ere erakutsi zuten, honako hauekin: aisialdi eredu osasuntsuagoa diseinatzea; hiru urte arteko etapan prebentzioa sustatzea; adikzioa duten pertsonen testigantzak entzutea; gazteen partaidetza areagotzea antolatutako ekintzetan; eta udalerrian dagoen kontsumo kultura aldatzea.

Txosten osoa ikusgai jarriko dute orain. "Prebentzio Mahaiak lanean jarraituko du eta asmoa da datorren ikasturteko prebentzio ekintzak lanketa ardatz hartuta antolatzea", zioen Zubillagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak