Dancehall dantza ikastaroa antolatu du Jaiki elkarteak, hirugarrenez. Oraingoan ere Matilde Aizpurua Oliden (Aretxabaleta, 1998) izango dute gidari, eta oinarrizko tailerra izango dela iragarri du, "ondo pasatzeko saioa", dantzak lagun eginda.
Jamaikarren kaleko erritmoa
Dantza urbanoa da dancehall-a, baina hori baino gehiago ere bada, Aizpuruaren esanetan: "Kultura bat da, 80ko hamarkadan Jamaikan sortutakoa, musika, festa, dantza eta bizimodu propioekin. Baina bizirik dago eta aldatuz doa, bertako gizartearen eraldaketekin batera. Reggae kulturaren eboluzio bat da, historia zabal baten parte". Mugimenduari erreparatuta denboran zehar mantentzen den gorputza erabiltzeko modu jakin bat duela dio: "Badu esentzia, baina haren ezaugarriak ez dira mugiezinak eta unearen eta sortzaileen arabera asko aldatzen da".
"Edonork" dantzatzeko moduko estiloa da: "Kaleko jaietatik sortutakoa da eta jamaikarrek gozatzeko eta adierazteko erabiltzen dute, jaietan zein egunerokoan. Hortaz, edonorendako dantza da. Beste kontu bat da, Jamaikatik kanpo, kultura hartan hazi ez garenok ikasteko ditugun zailtasunak, horrela mugitzera ohituta ez gaudenez gure gorputzak hasieran ez duelako ulertzen".
Aizpuruak gustuko du dantzatzea, eta umetan hasi zen estilo askotariko eskolak jasotzen: "Madrilen iritsi nintzen dancehall-era. Ondoren, irakasle jamaikarrek antolatutako tailer eta ekitaldietara joan izan naiz, hobeto ikasteko beharrezkoa delako". Gozamenaz eta adierazpen libreaz erabat lotuta dagoela uste du: "Sortzen den talde-energia eta komunitate-sentsazioa oso gustuko dut". Eta esanahi handikoa dela gaineratu du: "Dantzari eta sortzaile jamaikar emakumeek euren dantzaren bitartez helarazten duten indarrak asko inspiratzen nau".
Harrera polita
Pozik dago aurreko tailerrek izandako harrerarekin, hamar-hamabi lagun elkartu izan dira eta. Probatu gura dutenek bihar, zapatua, dute aukera; kuartelean izango da, 11:00etatik 13:00etara. Izena aldez aurretik eman behar da –606 89 81 72–, eta zortzi euro ordaindu.