Handik hona

Erica Pivesso: "Hona etortzea Erasmus-a egitearen gisakoa izan zen"

Jone Arruabarrena 2025ko ots. 17a, 08:00

Italiako herri txiki batean jaio zen Erica Pivesso (1984, Tisana, Italia), Esloveniako eta Austriako mugetatik hurbil. Kultura eta hizkuntza ezberdinetatik edan du txikitatik, eta, orain Euskal Herrikoa gehitu du nahasketa horretara. Duela hamairu urte aleman irakasle gisa etorri, eta Aretxabaletan bizi da.

Zer da zure jaioterritik gehien gustoko duzuna?

Herri txiki batean jaio nintzen, Po ibaiaren haranean. Esloveniako eta Austriako mugetatik gertu. Landa eremua da, herri txikiekin, baina mota ezberdinetako paisaiak batzen ditu. Alpeak hurbil ditugu, baita kostaldea ere. Europako erdigunean dago. Niretzako, Viena, Zagreb edo Bratislava, esaterako, hurbilekoagoak izan dira Erroma bera baino, bai kulturalki zein geografikoki. Hala ere, nire herria oso txikia da, eta ez dauka hiri handirik ondoan, eta horrek aukera handirik ez izatea dakar.

Nahasketa kultural bat bizi izan duzula esango zenuke?

Bai. Ni bizi nintzen lekua XX. mendera arte Austria-Hungariako Inperioaren zati izan zen. Beraz, oraindik arrasto kulturalek eragin handia dute. Esaterako, gutxitutako hizkuntza bat hitz egiten dugu: Friuliera. Gastronomiari dagokionez ere, asko igartzen da Austria-hungariar eragina.

Ze ezaugarri ditu Friulierak?

Latinetik eratorritako oinarri bat dauka, baina eslovenieraren eta alemanieraren eragina ere badauka.

Nolakoa zen zure eguneroko bizitza Italian bizi zinenean?

Aldibereko interpretazioa ikasi nuen. Beti gustatu izan zaizkit hizkuntzak, eta beste hizkuntza, kultura eta herrialde batzuk ezagutu nahi nituen. Europako Etxean lan egiten nuen. Sentimendu eta jakintza europarra bultzatzea helburu duen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Horretarako, Europar Batasunak eskaintzen dituen aukera guztiak herritarrei zabaltzeaz arduratzen da; Europan zehar egon daitezkeen lan eskaintzak, bidaiatzeko aukerak, bekak...

Nola erabaki zenuen hona etortzea?

Hain justu, Europako Etxean lan egiten nuenez eta lan eskaintzak argitaratzen genituenez, batzuetan nire burua aurkezten nuen lan eskaintzetarako. Curriculuma bota nuen Arrasateko hizkuntza akademia batean, Alemaneko irakasle izateko, eta elkarrizketa egiteko deitu zidaten. Hasieran ez nekien Arrasate non zegoen ere, baina etorri nintzen azkenean. Duela 13 urte izan zen hori.

Ordutik Arrasaten bizi izan zara?

Ez. Urte bat egin nuen akademia horretan lanean, baina gero akademiak egoitza bat zabaldu zuen Iruñean, eta bertara joateko aukera eman zidaten. Han egon nintzen hiru urtez lanean, eta bertan ezagutu nuen nire bikotekidea. Azkenean, erabaki genuen Aretxabaletara bizitzera etortzea.

Zergatik erabaki zenuen hemen geratzea, Italiara bueltatu beharrean?

Niretzako pisu handia izan dute hemen dauden lanerako aukerek. Hemen ehun industriala oso garatuta dago, eta nire Italiako herria oso txikia da; askotan gauza txiki askotan egin behar izaten nuen lan aldi berean, benetan gustuko nuen lan bat egin ahal izateko.

Akademian lanean jarraitzen duzu oraindik?

Ez, orain Ternuan egiten dut lan; Alemania eta Italiako salmentetaz arduratzen naiz. Beraz, azkenean nire jatorria lanarekin lotzeko aukera izan dut.

Dagoeneko 13 urte daramatzazu hemen. Nola egokitu zara Euskal Herrira?

Hasieran erraza da. Guztia berria da, eta hona etortzea ia-ia Erasmus-eko esperientzia baten gisakoa izan zen niretzat. Batez ere, akademia batean lan egiten nuelako, eta munduko beste herrialde batzuetako irakasleak ezagutzen nituelako. Geroago, egia da, beste fase zailago batean sartzen zarela; faltan botatzen dituzu lagunak eta familiakoak. Hala ere, esango nuke integrazioa oso erraza izan dela. Nire inguruko jendeak asko lagundu dit; etxean sentiarazi naute.

Erraza egin zaizu hemen pertsona sare bat eraikitzea?
Bai, erraza egin zait. Akademia batean lan egiteak adin eta mota guztietako jendea ezagutzeko aukera eman dit. Bestalde, nire bikotekidea ezagutzeak, bere kuadrilan sartzeko aukera eman dit. Hemen daukazuen kuadrilen kontzeptua guztiz ezberdina da Europako gainontzeko herrialdeekiko, baina ikasi dut familia baten gisakoa dela; kuadrilako baten bikotekidea izanez gero, familia batera sartzearen gisakoa da.

Zer ezberdintasun ikusten dituzu hango eta hemengo bizitza estiloari dagokionez?

Uste dut Italia, kulturalki eta hizkuntzari dagokionez, Espainiarekiko edo Euskal Herriarekiko nahiko antzerakoa dela, beste herrialde batzuekin alderatuta. Beraz, alde batetik, ez dut sentitzen orain atzerrian bizi naizenik. Hala ere, egia da ni jaio naizen eremua, alde ekonomikoari begiratzen badiogu, ez dagoela Euskal Herria bezain garatuta, baina bizi estiloari edo kulturari dagokionez, oso antzerakoak direla uste dut.

Gazteleraz badakizu, eta euskara ikasten ere aritu zara.

Bai. Ez nekien gazteleraz ez euskaraz hitz egiten hona etorri aurretik, baina gaztelera italieraren antzerakoa izateak asko lagundu dit. Hasieran, egunkaria erosten nuen egunero, eta erretiratutako pertsonak egon ohi ziren taberna batera joaten nintzen. Erretiratuek denbora asko eduki ohi dutenez, aprobetxatzen nuen ulertzen ez nuena beraiei galdetzeko. Horrek jendea ezagutzen lagundu zidan, eta hizkuntza aldetik ere asko ikasi nuen.

Euskara ere kalean ikasi zenuen?

Euskara zailagoa egiten ari zait. Iruñean bizi nintzenean bi urtez hizkuntza eskolan aritu nintzen euskara ikasten, eta hemen beste hiru urtez aritu naiz euskaltegian. Erdi mailara heltzean trabatuta geratu nintzen aditzekin. Bestalde, euskaltegian ikasten dugun euskara bat da, eta gero hemen jendeak erabiltzen duen euskalkia beste bat. Beraz, horrek, gauzak zailtzen ditu. Gaur egun euskara ulertzen dut, eta elkarrizketetan parte hartu dezaket. Gainera, nire alaba txikia da, eta berarekin ere asko ikasten ari naiz.

Euskaldunak, zuzenak eta maitakorrak

Ohikoa izaten da, kanpotik heltzen direnen artean, euskaldunak itxiak direla pentsatzea. Pivessok, ordea, kontrakoa dio: "Ni jaio nintzen herria oso txikia da, eta hango biztanleak itxiak izan ohi dira normalean. Beraz, handik etorrita, euskaldunak ez zaizkit horren itxiak iruditzen. Alderantziz; asko ukitzen dute elkar; norbait ezagutzen duten lehen aldian, bi muxu eta besarkadak ematen dituzue. Eta hori niretzat hasieran deserosoa izaten zen. Gero, ohitu nintzen". Hala ere, azaldu du batzuetan "zuzenegia" iruditzen zaiola hitz egiteko modua: "Batzuetan gaizki sentitu izan nahiz, aginduak ematen ari zaizkidala sentitu dudalako, lanean zein arlo pertsonalean. Alemanez, ingelesez edo italieraz esateko modua adeitsuagoa izan ohi da, ez hain zuzena". Arreta eman dion beste gauza bat, "jerarkiarik eza" izan da: " Ez dago jerarkiarik; jendeak berdin tratatzen zaitu enpresa bateko jabea bazara, edo langile huts bat bazara. Jendea gero taberna berdinetan elkartzen da, eta kuadrila berekoak dira. Hori ez da ohikoa Europako beste leku batzuetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak