Martxoaren 7tik apirilaren 11ra bitartean egingo da Laburbira, euskaraz ekoiztutako film laburren zirkuitua, eta hautatuen artean da Prosopagnosia lana, Ekain Martinez de Lizarduy zuzendari aretxabaletarrak zuzendutakoa: Kepa Errasti eta Itziar Ituño dira protagonistak, eta pertsonen aurpegiak gogoratzeko ezintasuna du gaitzat. Iazko azaroaren 30ean egin zuen aurkezpena Arkupen.
Martinez de Lizarduyren lana ez ezik, beste zazpi izango dira ikusgai zirkuituan: Plazer bat (Sonia Estevez), Betiko gaua (Eneko Sagardoy), Europa (Ekain Irigoien), Pentsatzen dut (Karmele Mitxelena), Hor konpon (Jone Arriola), Goodbay Kepler (Nerea Ayala, Patricia Fañanas, David Modroño eta Iraia Yarto) eta Utlandsk (Alba Lozano); azken horrek 18. Huhezinema euskal film laburren lehiaketa irabazi berri du.
Edozein herritan antola daiteke Laburbira, eta Udalek zein elkarteek zabalik dute izen-ematea otsailaren amaierara arte: emanaldiak noiz eta non egin erabaki dezakete, eta zuzendariekin solasaldiak antolatzeko aukera ere badago.