Arkupe bete egin da Ekain Martinez de Lizarduyren 'Prosopagnosia' film laburra ikusteko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko aza. 30a, 13:41

Gaur goizean bi saio egin dituzte Kepa Errasti eta Itziar Ituño protagonista dituen Martinez de Lizarduyk zuzendutako azken lana ikusteko, eta bi hitzorduetarako sarrera guztiak agortuta zeuden. Estreinaldiaren amaieran, 23 minutuko arnasketa-esperientzia probatzeko aukera izan dute bertaratu direnek.

Pertsonen aurpegiak gogoratzeko ezintasuna gai hartuta, prosopagnosia, izen bereko film laburra ekoiztu du Ekain Martinez de Lizarduy Stürtzek (Donostia, 1980), eta gaur aurkeztu du aretxabaletarren aurrean. Hasieratik adierazi du proiektua "denon proiektua dela", eta eskerrak eman dizkie aurkezpenera joan diren guztiei, nahiz sarrerarik gabe geratu eta etortzerik izan ez duten horiei.

Ikus-entzunezkoko protagonistak, Kepa Errasti eta Itziar Ituño, ere ezin izan dute estreinaldian egon arrazoi ezberdinengatik, baina Ituñok bideo-mezua bidali die ikusleei. Mezuan zihoen lanean harrapatu duela estreinaldiak eta plazera izan dela laburreko parte izatea. Eskerrak eman dizkie Martinez de Lizarduyri nahiz Arkupera hurbildu direnei, eta filma proiektatu aurretik azaldu du buruari eragiteko balio duela ikus-entzunezkoak. Eskertuta agertu da zuzendaria, haren esanetan "asko ikasi" baitu Ituñorekin. Kepa Errastiren bideorik ez, baina donostiarrak gogora ekarri du aste honetako Goiena Aldizkarian Errastik zioena.

Arnasketa ariketa

Film laburra bota ostean, hausnarketa egin du donostiarrak esanez gizakiak ez duela "baimen askorik izan geratu eta barrura begiratzeko". Horregatik, bost minutuko atsedena eman die ikusleei, eta ostean, "esperientzia bidaiaz" gozatu ahal izan dute bertaratu direnek. "Disfrutatzeko bidaia da. Gozatu eta eman baimena zuen buruari disfrutatzeko", adierazi du esperientzian barrena murgildu aurretik.

23 minutuko arnasketa ariketa izan da. Ikusle bakoitzak bere aurikularrekin nahiz aretoko argiak itzalita egin duen ariketa izan da. Guztiek aldi berean entzun ahal izan dituzte Martinez de Lizarduyk gidatutako arnasketa jarraibideak, musikaz lagunduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak