Etxean aurkeztuko du Martinez de Lizarduyk 'Prosopagnosia' filma

Mirari Altube Arrese 2024ko aza. 28a, 17:45

Itziar Ituño, film laburraren une batean. (Argazkia: Zinebilera)

Pertsonen aurpegiak gogoratzeko ezintasuna gai hartuta, Ekain Martinez de Lizarduyk zuzendu duen eta Kepa Errasti eta Itziar Ituño protagonista dituen film laburra estreinatuko dute, Arkupen, zapatuan; bi emanaldi izango dira eta sarrerak agortzear daude.

Pertsonen aurpegiak gogoratzeko ezintasuna da prosopagnosia, eta, hori gai hartuta, Ekain Martinez de Lizarduy Stürtzek (Donostia, 1980) izen bereko film laburra ekoiztu du. Bihar, zapatua, Arkupeko Zaraia aretoan aurkeztuko du, eta ikusmin handia sortu du estreinaldiak, bi emanaldietarako sarrerak agortu egin direlako.

Ituño eta Errastirekin

Itziar Ituño eta Kepa Errasti ditu protagonista filmak, punta-puntan dabiltzan bi aktore. Eta biek ala biek baietza eman zioten proposamena jaso orduko: "Baietza eman bakarrik ez, lagundu ere bai. Erabaki potoloak hartu beharra izan dut eta izugarri ikasi dut eurengandik. Biziki eskertuta nago", dio Martinez de Lizarduyk. 

Aretxabaletan bertan grabatu zuten, bi egunean, eta ekoizpenerako dirua finantzaketa kolektibo bidez eskuratu zuen: "Dirulaguntzarik izan ezean beste bide batzuk topatu behar dira, eta pozik nago, jendearen babesari esker aurrera egin dudalako".

Jaialdietara bidean

Dagoeneko hainbat jaialditara aurkeztu du filma: "Ekoizpen txukuna dela esan didate, eta merezi duela lehiaketetara bidaltzea; hala animatu nintzen. Eta horietako bostetan hautatu zuten lehiaketan parte hartzeko. Saririk ez du irabazi, baina pozgarria da milaka film laburren artetik aukeratua izatea". 

Zuzendari lanetan ez du eskarmentu handirik, baina badaki sariak irabaztea zer den. 2018an ekoiztu zuen irrintziaren gaineko Erraiak dokumentalak 30 saritik gora jaso ditu dagoeneko. "Dokumentalaren ostean etorri da fikzioa, eta, formatuak ezberdinak izan arren, badute lotura bat: biak doaz gure emozioak mugitzera".

Iritziak

Ekain Martinez de Lizarduy Stürtze, zuzendaria:

"Gaitz hori zuen lankide bat izan arte ez nuen horren berririk. Hori kontatu zidan egunean, aspaldian neure buruan nituen ideia batzuek forma hartu zuten. Irudipena dut ez ote dugun guztiok prosopagnosia apur bat. Bizitza honetan uneren batean gelditu egin behar dugula uste dut, eta begiratu nor garen. Jendeari ere horixe proposatu nahi diot, geratu eta zintzoa izan dadila bere buruarekin. Filmaren aurkezpenarekin ez nago urduri; mundua zelan ikusten dudan erakutsiko dut".

Kepa Errasti Gorroño, aktorea:

"Nik oso paper txikia daukat, baina proposatu zidanean inolako zalantza barik eman nion baietza, iruditzen zaidalako halako proiektu bat aurrera eramateko ausardia, ilusioa, gogoa eta kemena duen jendeari bultzada bat eman behar zaiola; gainera, herrikoa eta ezaguna izanda, are gehiago. Oso erraza izan da Ekainekin lan egitea, beti maitasunetik eta zaintzatik jardun duelako; eta hori lanbide honetan eskertzen da izugarri. Ikusleei esango nieke burua zabalik joan daitezela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak