Handik hona

Filipe Quipungo: "Euskara Angolara eraman nahiko nuke"

Jone Arruabarrena 2025ko ots. 10a, 08:00

Angolakoa da Filipe Quipungo Augusto (Sambizanga, Luanda, Angola, 1993). Euskal Herritik joandako Elizbarrutiko misioetako misiolariak ezagutu zituen han, eta haiekin laguntasuna mantendu zuen urte luzez. Azkenean, beraien laguntzarekin, Aretxabaletara etorri zen duela bi urte eskas.

Non jaio zinen?

Sambizanga izeneko herrian jaio nintzen, Luandan. Gero, ondoko herri batera aldatu ginen, eta bertan bizi izan naiz, 29 urterekin hona etorri nintzen arte, duela bi urte.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

11 urterekin hasi nintzen lanean. Nire amak zazpi seme alaba zituen, eta nire aita gazte hil zen. Amak guztioi jaten emateko egiten zuen lan, arrain saltzaile gisa. Mahaian beti izan genuen jatekoa, baina ni beti txankletekin joaten nintzen eskolara; ez geneukan dirurik zapatilak erosteko. Orduan hasi nintzen autoak garbitzen, etxeetako zaborra bildu eta zabortegira eramaten...txanpon batzuen truke. 13 urterekin, jada gai nintzen nire etxean bizi ginen guztientzat janaria erosteko, nire lanarekin.

Zer botatzen duzu faltan zure herrialdetik?

Gehien gustatzen zaidana janaria da. Bertako babak asko atsegin ditut zaizkit, baita funge izeneko ore bat ere. Arto irin zuriarekin egiten da, eta haragiarekin zein oilaskoarekin jaten da. Bestalde, hango gazteak beti alai daude. Goizetan kalera irteten dira, eta mundu guztia agurtzen dute. Autobusetan ere mundu guztiak hitz egiten du, dena oso alaia da. Hona etorri nintzenean, horrek harritu ninduen asko; hemen jendea isilik joaten da. Gero, badaude ondo ez dauden gauzak ere.

Zeintzuk?

Segurtasun falta dago, eta hezkuntza zein osasun sistemak ere hobetu beharra dago.  Eta horrek asko tristetzen nau. Nik beti esaten dut herrialde bat indartsua izan dadin, lau gauza izan behar direla kontuan: hezkuntza, lana, osasuna eta segurtasuna. Eta Angolan guzti horiek hobetzea beharrezkoa da. Han, jendeak gustoko du proiektu berriak martxan jartzea, ekintzailetza. Baina ez badaukazu baliabiderik, ezinezkoa da. Angolako Uige probintzian lanean egon nintzen denbora batez, eta han ikusi nuena tristea izan zen. Jendeak lurrean egiten zuen lo, harea gorriaren gainean. Gosaltzen bazuten, ez zeukaten bazkaltzeko lain; bazkaltzen bazuten; ez zitzaien afaltzeko heltzen. Oso tristea da.

Nolakoa zen zure bizitza Angolan?

Angolan formazio asko egin nituen; zortzi ikastaro dauzkat. Gauza ugaritan egin dut lan: autoak garbitzen, obrako segurtasun teknikari gisa, aire girogailuak konpontzen...Lan egitea gustoko dut, burua zerbaitetan edukitzea, buruan ezer ez edukitzea arriskutsua delako.

Nola ezagutu zenituen Euskal Herritik joandako misiolariak?

Andonirengana [Andoni Ilarramendi apaiza] joaten hasi nintzen, diru edo janari pixka baten truke autoa garbituko niola esanez. Berak lentejak, garbantzuak... eta horrelako gauzak ematen zizkidan. Carlos eta Luis Maria Perez de Onraita anai apaizak ere ezagutu nituen, eta asko lagundu zidaten. Beraien omenez, nire seme alabak Carlos, Luisa Maria eta Andoni Pedro dute izena.

Badago oraindik misiolari euskaldunik han?

Ez, orain ez dago apaiz euskaldunik, lehen bezala. Eta pena handia ematen dit. Angolan zabaldu nahi nituzke euskal izenak ere, euskaldunek asko lagundu digutelako. Luis Maria eta Carlos apaizak hil zirenean ere, ikustekoa zen! Eliza guztia bete zen, eta ez zen jende guztia sartzen. Jendeak asko maite zituen.

Nola erabaki zenuen Europara migratzea?

Apaizei beti esaten nien nik hona etorri nahi nuela, baina esaten zidaten nik nire herrialdean geratu behar nuela; ondo nengoela han. Nire ametsa hona etortzea zen. Etorriko nintzela esaten nuenean, jende askok ez zidan sinesten, baina nik zerbait nahi dudanean ez naiz nekatzen, lortu arte. Hegazkin bat pasatzen ikusten nuen bakoitzean, familiari esaten nion: "Egunen batean horra igoko naiz". Eta ez zidaten sinesten. Hegazkinen argazki batzuk jarri nituen nire etxeko paretean. Lanetik bueltan, argazkiei begiratu, eta nire buruari esaten nion: egunen batean igoko naiz, bai. Urteak pasatu ziren, eta ikasten jarraitu nuen. Egunean zehar lan egin, eta gauetan ikasten nuen. Nire emaztearekin ezkondu nintzen, eta seme-alabak izan genituen. Andoniri deitzen nion, eta behin eta berriz esaten nion hona etorri nahi nuela, ikastera eta lan egitera. Eta azkenean iritsi zen momentua.

Zer espektatiba zenituen Europaren inguruan?

Ez nekien oso ezberdina izango zen Afrikarekin alderatuta, eta bai, oso ezberdina da. Oso, oso ezberdina. Osasun sistema oso ondo dago nire ustez. Hiletak daudenean, beti elizara joaten naiz, eta oraindik ez dut gazte baten hiletarik ikusi. Nire herrialdean gazte asko hiltzen dira, asko. Umeak egunero hiltzen dira. Tristea da. Lehen zahartzarora iristen zen jendea Angolan; orain, oso gutxi dira zahar hiltzen direnak

Zure familiakoak Angolan bizi dira?

Bai. Emaztea eta hiru seme-alaba ditut, baita nire ama eta anai-arrebak ere. Asko botatzen ditut faltan; jada bi urte da ikusten ez ditudala. Hemen paperak erregularizatu arte itxaron behar dut bisitatzera joan ahal izateko. Etorkizunean, familia hona ekarri nahi dut.

Nola egokitu zara hemengo gizartera?

Hasieran, triste jartzen nintzen. Autobusera igotzen nintzenean, barruan zeuden pertsonak agurtzen nituen, eta inork ez zidan erantzuten; goitik behera begiratzen ninduten. Niretzako errespetua adierazteko modu bat zen jendea agurtzea, eta ez nituen jarrera horiek ulertzen. Taberna batera sartu eta kafe bat eskatzen nuenean ere, jendeak hasieran modu arraroan begiratzen zidan. Nire buruari galdetzen nion: eskean natorrela pentsatuko dute? Baina nik ez dut atsegin eskean ibiltzea, nik lan egin nahi dut.

Orain ezberdina da egoera?

Zaila da, baina lortu daiteke. Esaterako, Aretxabaletan, adineko gizon bati bizikletako gurpila zulatu zitzaion behin, eta laguntza eskaini nion. Berak ez zidan erantzuten, ezikusiarena egiten zidan. Nik ez nuen ulertzen. Angolan, pertsona zahar bat ezinean ikusten baduzu, derrigorra da berari laguntzea; errespetuzko jarrera bat. Azkenean, esan nion: "Ados, nahi baduzu ez egidazu erantzun, baina laguntza behar duzu eta lagunduko dizut". Gurpila aldatu nion azkenean. Bukatu nuenean, dirua eskaini zidan, eta nik esan nion: "Dirua? Nik ez dut dirurik nahi. Zure laguntasuna nahiago dut dirua baino". Handik aurrera, kalean ikusten garenean, hizketan geratzen gara beti.

Zertan ari zara gaur egun?

Formazio profesionaleko gradua egiten nabil, soldaduran. Duala egin nahi dut gero.  Lan egin nahi dut, nire familiari lagundu ahal izateko, baita Angolan nire herrian dauden beste familia batzuei ere.

Euskaraz ere hitz batzuk badakizkizu.

Bai. Gauetan, nire seme alabei deitzen diet, eta gauero otoitzak errezitatzen dizkiet euskaraz. Galdetzen didate: "Aita, zer ari zara esaten", eta erantzuten diet: "Aita euskara ikasten ari da". Euskara asko maite dut. Ingelesez baino nahiago dut jendeak niri euskaraz hitz egitea. Nik hemen geratu nahi dut, eta euskara ikasi. Ez dut espero euskaldunek bezala hitz egitea, baina oinarrizko gauzak ikasi nahi ditut, eta ondo ulertu. Euskera pixka bat Angolara eraman nahiko nuke, asko gustatzen zaidalako. Nire amak Angolako jatorrizko hizkuntza bat hitz egiten du, eta asko erabiltzen du k. Euskaldunek ere asko erabiltzen dute, eta nire amaren hizkuntza gogorarazten dit.

Euskaldunekin harremantzea, zaila

Denetarik ikusi du euskaldunen artean Quipungok: "Jende on asko dago, eta baita txarra ere, leku guztietan moduan". Hala ere, zaila egin zitzaion hasieran euskaldunekin harremantzea:"Ez da bat ere erraza. Itxiak dira oso, eta ahalegin handia egin behar izaten dut beraiengana hurbiltzeko". Hori bai; kontua aldatzen da, bertako norbaiten erreferentzia izanez gero: "Hemengo norbaitek ezagutzen bazaitu eta beste bati esaten badio zure laguna dela, eta zutaz fidatu daitekeela, orduan bai, ondo hartzen zaituzte. Baina bestela, oso zaila da. Hala ere, errespetatzen dut jarrera hori, eta ulertzen dut hemen horrelakoak direla". Bestalde, Baltasar gisa aritu da Eskoriatzan azken bi urteetan, eta umeen aldetik, esaterako, kuriositatea nabaritu du: "30 bat umek inguratu ninduten, eta nire herrialdeari buruzko galderak egiten hasi zitzaizkidan. Nik guztiak erantzun nituen. Jakinmin handia zuten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak