Goizean Gasteizko Cepa El Carmen ikastetxean eskolak eman ostean, arratsaldeko entrenamendu saioaren aurretik egon da GOIENA UDAko entrenatzaile Unai Calzonekin (Aretxabaleta, 1990). Eskolak prestatu – Teknologia irakasten die DBHko ikasleei–, ariketak egin, eskolak kudeatu... Lan horrek badu antzekotasunik futbol zelaian egiten duenarekin: entrenamenduak eta partiduak prestatu, taldea kudeatu... "Baina futbolera denak etortzen dira pozik eta jokatzeko gogoz, eta eskoletara ez horrenbeste", dio barrez.
Zer nota jartzen diozu liga erdian egindako lanari?
Oso nota ona, oso pozik nago taldeak egin duen lanarekin. Hiru urte daramatzat talde honekin, banekien zer egiteko gauza ginen, eta taldea indartu genuenean ere inguruko jokalariekin izan zen, ez genuen burua galdu. Eta harrobitik igo diren jokalariek ere beheko taldean erakutsi dutenean gertu daudela, goian aukera izan dute. Oxel Artolazabal titular dabil orain, eta Iker Zubillaga, Enaitz Isasmendi, Urko Eraña... jokalariek izan dituzte minutu batzuk. Haiek ezin dute lehen taldean jokatu gabe egon, adin horrekin jokatu egin behar dute; horregatik da garrantzitsua maila polita izatea bigarren taldean.
Lehen itzulia oso ondo amaitu duzue, eta bigarrena ere modu onean hasi; 29 puntu dituzue.
Bai, baina oraindik ez ditugu etxerako lanak egin; bigarren itzuli osoa falta da. Gainera, atzera begiratuz gero, badakigu Aretxabaletak Hirugarren Mailan jokatu zuen bi aldietan [2009 eta 2014] lehenengo itzuli onak egin zituela, baina bigarren itzulian etorri ziren arazoak, eta maila galdu zuten. Bigarren itzulia gogorragoa izaten da.
Taldeek hobeto ezagutzen zaituztetelako?
Bai, badauka hortik apur bat; ezustea emateko gaitasuna galdu egiten da. Horrekin batera, Gabonetan, gaitasun ekonomikoa duten taldeek fitxaketak egiten dituzte, maila honetan esperientzia duten taldeak abiadura hartzen hasten dira... 2014an, esaterako, Aretxabaletak, lehenengo itzuli ona egin ostean, urtarriletik aurrera ez zuen partidurik irabazi. Datu esanguratsua da. Halakoak ere gertatzen dira kategoria honetan.
Hirugarren Mailara igo zinetenon artean, txukun zabiltzaten bakarrak zarete...
Bai, halaxe da. Eibar da salbuespena, baina badakigu Eibarrek ze gaitasun duen. San Viator eta Santurtzi igo ziren Arabatik eta Bizkaitik, eta guk play-offean lortu genuen igoera. Eta bi talde horiek azkenak dira sailkapenean. Zorionez, gu ondo egokitu gara mailara: bigarren itzuliari gauza bakarra eskatzen diot: jokalariek minik ez hartzea.
Talde orekatua zaretela erakutsi duzue.
Eta hori garrantzitsua da. Ez gara gol gehien egiten duen taldea [24], baina aurrealdean ez dugu aparteko ezintasunik izan, golak egin ditugu. Eta horrekin batera, talde osoak defendatzen du ondo eta kontrarioei kosta egiten zaie gola egitea [20]. Esango nizuke, gainera, porrot batzuek indartu egin gaituztela. Eta zorte apur bat ere izan dugu alde; hori garrantzitsua da.
Portugaleteren kontrako partiduan ia mila lagun [913] izan ziren Ibarran partidua ikusten; haien babesa ere garrantzitsua izango da bigarren itzuli honetan.
Ez izan zalantzarik. Pentsa futbol zelai handietan jokalariek publikoaren berotasuna igarri egiten badute guk zenbateraino igarriko dugun babes hori Ibarran. Zaleei eskerrak eman, ezin dugu besterik egin.