25. urteurrenean, berriz ere gurtu dute San Kanuto

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urt. 19a, 11:28

Duela 25 urte ospatu zuten lehenengoz San Kanuto Eguna Aretxabaletan, eta hainbat urtetako etenaren ostean, berriz ere antolatu dituzte ekintzak. Atzo, zapatu goizean bolo-jokoan aritu ziren egunari hasiera emateko, eta Nerea Lete izan zen garaile bola-txapelketan, sei txirlo botata. Ondoren, Taberna Barri jatetxean bazkaldu zuten egunera batutakoek; iluntzean, berriz, Orkestra Elektrotuna taldearekin kalejira egin zuten tabernaz-taberna, eta gauean musika saio ezberdinak izan ziren Kixkor, Urbaltz, Izotz eta Ezkutu tabernetan.

Iluntzeko kalejiraren ostean, ospakizuna borobiltzeko, Akulu eta Oihu taldeen kontzertuak izan ziren Kixkor tabernan, eta DJak Urbaltzen –DJ Session–, Izotzen –Techno Party– eta Ezkutun –Alex TC & Inshore Live & Javier HO & Sdietz & Zianu–.

Bolotan Nerea Lete garaile

Goizean, bola-txapelketan giro ederra izan zuten Kanuto Deunaren Egunera batu zirenek. Aretxabaletako bolatokian batu, salda hartu eta jokoan aritu ziren, zenbait lagun txapelketa hasi arte. Gero, lehia izan zen, eta parte hartu zuten hemezortzi lagunetatik Nerea Lete gailendu zen, sei txirlo botata; sari bakarra txapela izanda, berak eraman zuen.

Balorazio positiboa

Aretxabaletako San Kanuto Egunaren antolakuntza taldeko kide Jon Antiak azaldu zuenez oso ondo pasatu zuten eguna. "Guztira, hemezortzi lagun inguru aritu dira bola-txapelketa jokoan, aurreikusi baino gutxiago, baina, primeran aritu gara, eta, parte-hartzaile guztiei eskerrak eman beharrean gaude. 10:30etan batuta, txapa jokoan aritu ginen lehenbizi, eta, 12:00etan hasi genuen txapelketa; Nerea Letek ganoraz irabazi zuen sei txirlo botata. Gero, zerbait hartu eta bazkaria egin genuen Taberna Berrin eta ondoren festa pixka bat Orkestra Elektrotunarekin…". 

San Kanuto aldarean alderik-alde

Kalejira izan ohi da eguneko ekintza azpimarragarriena, eta, beste hainbat ediziotan moduan Orkestra Elektrotuna taldeko musikari bizkaitarrek lagunduta egin zuten. Aurtengo hogeitabosgarren edizioan ez da astorik izan kalejiran, baina, San Kanuto aldarean eraman zuten alde-batetik bestera, bide batez, kalamuaren legalizazioa eskatuz.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak