Eliza Katolikoak urtarrilaren 19a du ezarrita Kanuto Deunaren Eguna, eta Danimarkako zaindaria da. Hego Euskal Herrian, ostera, kalamu-kontsumitzaileek dute zaindaritzat, eta Aretxabaletan 2000. urtean aitzakia horrekin jaia ospatzen hasi ziren. Lehenengo hartatik 25 urte pasatu dira, eta ospatzeko ohitura galdu egin dute bidean; aurten, ordukoak gogora ekartzeko jaiarekin datoz.
Astoaren jabeari salaketa
Antolatzaileek uste dute "hainbat izar lerrokatu" zirela jaia lehenengoz ospatu zen urtean: "Egurra lantzen zuen herriko artista batek egindako santua zeukaten Txiki tabernan, apal batean. Eta sarri aipatzen zuten egunen batean kalera atera beharko zutela. Hori entzunda, beste lagun bat prest agertu zen belarra, hau da, marihuana, jartzeko. Eta hirugarren batek astoa ekarri zuen. Halaxe, belarra otzaretan sartuta, kalera irten ziren. Beharbada, ez da konparaketa egokia, baina Maritxu Kajoiren antzeko zerbait egin zen".
MARIHUANAK EZ ZIEN ARAZORIK SORTU, BAINA ASTOAK BAI; JABEAK SALAKETA BAT JASO ZUEN
"Gaiztakeria bat" egitera zihoazela uste izan zuten antolatzaileek, baina, usteen kontrara, marihuanak ez zien arazorik sortu, eta astoak bai: "Animalia batekin errepidea oztopatzea egotzita, astoaren jabeak salaketa bat jaso zuen. Horregatik, hurrengo urtean berriro antolatu behar izan zen jaia, isun hura ordaintzeko. Eta, halaxe, hamar urtean jarraian ospatu zen jaia".
Gero eta indar handiagoa hartzen joan zen, gainera, "babes handia" sumatuta: "Kultur talde askok egin zuten bat gurekin. Marihuana legeztatzearen aldeko eskaera pil-pilean zegoen orduan, Kalamudiaren eta antzeko hainbat elkarteren bitartez, eta gure San Kanuto ospakizunean ere aldarrikapena txertatu zen".
25. urteurrena
Orduko kontuak oroitzeko, ospakizuna antolatu dute biharko, zapaturako, "sekulako jaia" egiteko asmo barik: "Herritarrak, baina, gaiztakeria honetara batzea gurako genuke". Bola-txapelketarekin emango diote hasiera egunari, 11:30ean, eta 15:00etan bazkaltzeko elkartuko dira Taberna Berri jatetxean; 75 bat lagun espero dituzte. 19:00etan izango da Kanutoren omenezko kalejira, eta Orkresta Elektrotuna taldeak girotuko du. Ospakizuna borobiltzeko, Akulu eta Oihu taldeen kontzertuak izango dira Kixkor tabernan, eta DJak Urbaltzen –DJ Session–, Izotzen –Techno Party– eta Ezkutun –Alex TC & Inshore Live & Javier HO & Sdietz & Zianu–.
Antolatzaileek diote lekukoa hartzeko harrobirik ezean zaila izango dela jaiak jarraipena izatea.