Ameriketan diharduzue lanean, eta orain, Afrikara itzuliko zarete.
Azken urteetan Hego Amerikan gabiltza, proiektu politak egiteko aukera izan dugulako. Proiektuz proiektu egiten dugu lan. Hau da, zabalik gaude herrialde edo ekimen berrietara; betiere, gure balioekin bat badatoz. Orain dela bi urte, Hiruatxeko kide bat Ghanan izan zen eta proiektua bertatik bertara ezagutu zuen. Eskolaren eraikuntza lanak hasita zeuzkaten, baina jarraitzeko laguntza gabe zeuden. Komunitatearekin hitz egin, beharrak atzeman eta taldeak zeukan motibazioa ikusita, proiektura batzea erabaki genuen. Hola Love Ghana GKErekin elkarlanean jardungo dugu.
Ghanako hegoaldeko Asuoya herrian garatuko duzue; zein ezaugarri ditu?
Herri txiki bat da Asuoya; biztanle gehienak nekazariak dira, eta bizilagunen arteko harremanak, familiaren garrantzia eta tradizioekiko lotura nabarmendu daitezke. Azken urteetan Ghanak izan duen garapen handia horrelako herrietara iristea zaila izaten ari da, dauzkaten erreminta ekonomiko eta sozialak oso ahulak direlako. Ondorioz, gazte gehienek ez daukate etorkizuna erabakitzeko ahalmenik, ezta lanbide bat ikasteko aukerarik ere. Eta, noski, emakumeen kasuan, are eta zailagoa da familiatik kanpo aurrera egitea.
"GAZTEEK EZ DUTE LANBIDE BAT IKASTEKO AUKERARIK, ETA EMAKUMEENTZAT ARE ETA ZAILAGOA DA"
Lanbide Heziketa zentro batean eguzki-plakak jarriko dira.
Asuoyan elektrizitate arazo handiak dituzte. Argindar sarea badagoen arren, egunero dauzkate argi-mozketak; izan ere, Ghanan sarea saturatzen denean, hiriek daukate lehentasuna, eta herri txikiak argindar gabe gelditzen dira. Batzuetan, egun osoz. Eskolaren funtzionamendua bermatzeko elektrizitate iturri fidagarria behar dute, eta horregatik erabaki genuen eguzki-panelak eta bateriak instalatzea.
Horrekin zer lortu gura da?
Proiektu horren zuzeneko onuradunak gazteak diren arren, komunitate osoaren bizi-kalitatean eragitea da helburua. Epe luzera, komunitatearen beharretara egokitutako prestakuntza-programak garatu nahi ditugu; esaterako, emakumeei bideratutako espazio bat. Bestalde, Aretxabaletan eta inguruetan ere proiektua landu nahi dugu, gazteekin. Energia berriztagarrien garrantziaren inguruan hausnartu eta proiektuaren parte izan daitezen aukera oso polita dugu.
Zenbat iraungo du?
Oraingoz, hiru urterako zehaztu ditugu helburuak. 2024an hasi ginen, eskolaren eraikuntzan lagunduz, eta 2026an, eguzki-panelen instalazioarekin bukatuko ditugu lanak. Ordurako eskola martxan izatea espero dugu!
Fagor Herrigintzatik jasoko duzuen laguntzarekin pozik?
Oso pozik! Elkarte txiki bat gara eta horrelako proiektu batean sartzea erronka handia da guretzat. Fagorreko bazkideek gugan jarritako konfiantzak motibazio handia eman digu; eskerrik asko! Gainera, jende askorengana iristeko aukera izan dugu, proiektua ezagutzera eman eta Ghanako errealitatera pixka bat gerturatzeko. Argi eta garbi esanda, proiektuari beste dimentsio bat eman dio.
Herritarrek ere egin ditzakete ekarpenak, ezta?
Bai, noski! Proiektua hasi besterik ez da egin; parte hartu nahi duen edonoren laguntza ongietorria izango da. Horretarako, jarri gurekin harremanetan: hiruatx@yahoo.es edo Instagram bitartez.