Sormena eta literatura uztartzen dituen proposamena egin zien Durangoko Azokak ikasleei: euskal idazleen edo musikagileen lanen azalei jarraipena emanez, gazteek beste azal bat osatu eta argazki bidez jasotzea. Kurtzebarri Institutuko eta Arizmendi Ikastolako Almen guneko hainbat ikaslek egin zuten bat deialdi horrekin, eta abenduan egindako lan horiek ikusgai jarri dituzte orain, Udal Liburutegian.
49 sormen-lan
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 49 ikaslek utzitako lanak jaso dituzte, "lan xumeak" baina mimo handiarekin egindakoak asko. "Haien lanei erakusleiho bat eskaini gura izan diegu; izan ere, sormen eta irudimen handiko lanak daude", adierazi du Nerea Altuna liburuzainak. Batzuek liburuen azalak hartu dituzte oinarri eta beste batzuek, diskoak, eta lan horiekin helduen liburutegiko paretak atondu dituzte. Otsail bukaera arte egongo dira ikusgai han. Altunak zera gaineratu du: "Horiek ikusteaz gain, lanetako protagonista diren liburu eta diskoak maileguan hartzeko aukera ere badago liburutegian, inork interesa izanez gero".
Literatura solasaldiak
Bestetik, literatura solasaldiei jarraipena emango diete urte berriarekin batera. Hilabeteko lehen eguaztenetan elkartzen da gaztelaniazko irakurketa taldea, Monica Leiva idazle eta kazetariaren esanetara: otsailaren 5ean, Santiago Lorenzoren Los asquerosos liburua izango dute hizpide; eta martxoaren 5ean, Emilia Pardo Bazanen El encaje roto.
Euskarazko taldeak, ostera, hilabeteko bigarren eguenetan du hitzordua. Hilaren 16an, Karmele Jaioren Maitasun kapitala lanaren bueltan jardungo dute, Mikel Antzak gidatuta: otsailaren 13an, Canoren, Iturriagaren eta Larratxeren Ni ez naiz Mikel Laboa komikia izango dute hizpide; eta martxoaren 13an, Marlene Haushofer idazlearen Horma.
Ipuin kontaketa
Umeek, ostera, ipuin kontaketa saioa izango dute urtarrilaren 15ean, 17:30ean, Txiki Txokoan. Ixabel Agirresarobek kontatuko dizkie, 4 eta 8 urte bitarteko neska-mutikoei. Gonbidapenak liburutegian dituzte, agortu arte.