Karmele Igartua sorkuntza beka Gotzone Butronen 'Kaiolatuak' ipuinarendako

Mireia Bikuña 2024ko abe. 21a, 14:37

"Ipuin egitura sendoa" eta "amaiera metaforikoa" duen lanaren alde egin du sorkuntza bekaren epaimahaiak. Hala, Urdulizen bizi den Butronek jaso du 2.500 euroko diru-saria. Era berean, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Juan Marti Agirreurretaren Erabateko erronka lanari.

Hamazazpi lan aurkeztu dira Karmele Igartua XIV. sorkuntza bekara. Aurkeztutako lanen maila "ona" dela iritzi du epaimahaiak. Baina, azken irakurraldira, Kaiolatuak eta Erabateko erronka lanak heldu dira. Biak ala biak "originalak eta interesgarriak" epaimahaiko kideen uste.

Bada, sari nagusia, Gotzone Butronen lanak eraman du. "Ipuin egitura sendoa duen lana da, batez ere, bi pertsonaien arteko interakzioak interesgarri bihurtzen duena. Suspensea dauka. Elkar zelatatzen duten protagonistak. Gainera, emakume bat desagertzen da, Alfred Hitchcoken La ventana indiscreta filmari eginiko  omenaldi bat balitz bezala. Amaiera metaforikoa dauka. Oso ederra", azpimarratu du Pako Aristik.

"Hunkituta" jaso du saria Butronek. "Epaimahaiko kideak irakasle izan ditut Bergarako Idazle Eskolan, eta horrek urduri ipini nau. Baina, bihotzez eskertzen dut sari hau. Eta azpimarratu gura dut ze inportanteak diren halako sorkuntza bekak, izen handia ez dugun sortzaileendako".

Filosofian lizentziaduna eta Arrigorriagako udal bibliotekaria den Gotzone Butronek 2.500 euroko diru-saria jaso du. Gainera, Bergarako Idazle Eskolak 2025ean antolatuko dituen edozein modulutan parte hartzeko aukera izango du, matrikula ordaindu barik.

Aipamen berezia

Pasaian jaio, baina, 2019tik Aretxabaletan bizi den Juan Mari Agirreurretaren Erabateko erronka lanari aipamen berezia egin diote. "Oso ondo idatzia dago. Erreferente interesgarriak dakartza, istorio harrigarri baten harilkaturik. Hizkuntza-aberastasuna nabarmentzen da eta baita erreferentzia filosofikoak ere". Bergarako Idazle Eskolak 2025ean antolatuko dituen edozein modulutan parte hartzeko aukera izango du, matrikula ordaindu barik. 

Butronek eta Agirreurretak idatzitako lanak www.idazten.com webgunean argitaratuko dituzte.

2025ekoan, poesia

Aurtengo saria banatuta, 2025korako lehen deialdia egin dute. Poema  lanak aurkeztu beharko dira. 500 eta 700 lerro arteko lanak. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, lan bat aurkeztu ahal izango du: originala, euskaraz eta argitaratu gabea.

Poesia irakurraldia

Aretxabaletako Arkupen egin den ekitaldia bukatzeko, Bergarako Idazle Eskolako hainbat ikasle igo dira oholtzara, Tere Irastortzarekin eta Karmele Igartuaren alaba Garazirekin, hark idatziko hainbat poema irakurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak