Zaintza eremua, "urte hasieran erabilgarri"

Mirari Altube Arrese 2024ko abe. 20a, 11:31

Basotxo, Autonomia Sustatzeko Espazioa eta aretoa kokatuko diren eraikina.

Urtarrilean hornituko dute altzariz komentua izandako eraikina, eta, hori egindakoan, gertu izango dira Autonomia Sustatzeko Espazioa eta erabilera askotariko aretoa; tabernaren irekiera gehiago luzatuko da, oraindik esleitu gabe dagoelako.

Irekitze-epea 2023ko abenduan zuen ezarrita, baina, urtebete geroago, oraindik ez dute zabaldu adineko pertsonei bideratutako hainbat zerbitzu izango dituen eraikina. Urte berriarekin batera martxan izatea da Udal Gobernuaren asmoa.

Sutea eta oztopoak

Abuztuan izandako suteak luze zihoazen lanak are gehiago luzatu ditu, eta aste honetan bertan dabiltza konponketa-lanak errematatzen. "Ia guztia geratuko da bukatuta, ate baten faltan. Seguru asko, urtarrileko lehen astera arte ez da iritsiko, eta hori gabe ezin da zabaldu", azaldu du Hirigintza zinegotzi Ion Albizuk.

Hori ez da izan oztopo bakarra: "Iberdrolarekin arazo handiak izaten gabiltza; azpikontratatutako enpresa batek etorri behar du, eta espero dugu oraingo astean ez bada hurrengoan izatea".

Aretoa eta ASE, urtarrilean

Eraikinak hiru eremu izango ditu: Autonomia Sustatzeko Espazioa (ASE), erabilera askotariko aretoa eta erretiratuen taberna eta bulegoa. Oraindik altzariz hornitu gabe daude, baina esleituta daukate, eta urtarrilean bertan betetzea da asmoa: "Aretorako, esaterako, etorriko dira 60 bat aulki, mahai batzuk eta eszenatoki bat."

ASEren zerbitzua ere bideratuta dagoela gaineratu dute, eta urtarrilean esleituta egotea espero dute.

Tabernari dagokionez, prozesua oraindik martxan jarri gabe daukate. "Ondo egin gura ditugu lanak; horregatik, bideragarritasun-azterketa egin dugu, bermatzeko ondo funtzionatuko duela eta arrakasta izango duela. Nahiago dugu hiru hilabete itxaron baina ondo egin". Behin lan horiek guztiak eginda, laster lizitatuko dute zerbitzua eta urte berriko lehen hiruhilekoaren bueltan martxan izatea gurako lukete. Tabernak jatetxea ere izango du eta egunero zabalduko dute –asteko atsedenaldia egiteko aukerarekin–; gutxieneko ordutegia 11:00etatik 21:00etara izango da.

Lanek iraun bitartean Basotxo erretiratuen elkarteko kideek Gurea tabernan izan dute zerbitzua azken bi urteotan, baina orain, hori etetea erabaki dute: "Erretiratuen elkartearen erabakia izan da. Horrek ez du esan nahi espazio barik geratuko direnik, deskontu barik baizik. Gainera, komentuaren eraikina irekitakoan, urtarrilean, aretoa erabilgarri izango dute, baita ASE ere, libre dagoenean", dio Albizuk.

Lorategia eta pasabidea

Eraikinaren inguruko lorategia ere egokituko dute, baina uholde arriskua duen eremua da, eta horrek korapilatu egin ditu lanak; bereziki, ibaia zeharkatzeko pasabidea ezartzeko. "Orain arteko aukerak ez ditugu gustuko. Horregatik, aste honetan ikerketa bat eskatuko dugu hainbat lehentasun ezarrita: lehenengoa da lurzoruaren mailan egotea pasabidea; bigarrena, inguratzen duen harresia osorik botatzea; eta hirugarrena, lorategian dagoen transformadorearen txabola dagoen lekuan mantentzea. Baldintza horiekin saiatu beharko dute proposamen bat egiten; ea zein aukera dauden".

Osasun eta gizarte zerbitzuak

Zaintza ekosistema borobilduko du komentua izandakoaren alboan kokatuta dagoen zentro soziosanitarioak. Sasoi bateko zaharren egoitza eraberritu egin dute, eta erabat bukatuta dago, baita altzariz hornituta ere, baina oraindik ezin da ireki. "Zabaldu ahal izateko dokumentazio asko falta zaio Osakidetzari aurkezteko. Lehenengo, obra-bukaera eman behar zaie, hau da, lehen erabilerako baimena, eta gero, jarduera legeztatu egin behar dute", azaldu du Albizuk.

Bestetik, Osakidetzarekin hitzarmena sinatuko du Udalak, eraikin horren bigarren solairua Udaleko Gizarte Zerbitzuen kokagune izango delako: "Zentro soziosanitarioaren elkarlanerako hitzarmena izango da. Zirriborro bat badugu, baina oraindik negoziazioetan gabiltza".

Osasun etxea eta Udaleko Gizarte Zerbitzuak kokatuko diren eraikina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak