Fagor Herrigintza lankidetza programak 120.000 euro bideratuko ditu Euskal Herriko hiru proiektutara, "Euskal Herri hobe baten aldeko lanean" diharduten gizarte eragiletara, eta horietako bat da, hain zuzen ere, Hiruatx elkartea: Plaka fotovoltaikoak Ghanako lanbide heziketako zentroan proiektua du eskuartean, eta 60.000 euro jasoko ditu Fagor Taldearen eskutik urratsak egin ditzan. Horrez gain, Elorrioko Txintxirri ikastolak 40.000 euroko dirulaguntza izango du, Teilatu bizia, plaka fotovoltaikoak, ortua eta helduen inklusioa proiektua garatu dezan datozen hilabeteotan; azkenik, 20.000 euro izango dira Ihitten elkartearentzat, Bullyingari galga ikus-entzunezkoa lantzeko.
38 proiektu aurkeztu dituzte aurtengo deialdira, eta Aritz Otxandiano Kanpok, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak, adierazi du "pozik egoteko moduko parte-hartzea" izan dela: "Esan daiteke Fagor Herrigintzarena egonkortzen ari den laguntza deialdia dela. Proiektu interesgarriak jaso dira. Gizarte eragileak gogor ari dira gizarte erronkei behar moduko erantzuna emateko lanean".
Hirugarren aldia du
Fagor Herrigintza programak 2022an egin zituen lehen urratsak, "Euskal Herrian sortutako ekimenak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko", eta hirugarren aldia du aurten; era horretan, Fagor Taldearen hitzetan, "Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea bilatzen duten proiektuak bultzatzen" dituzte.