Basque Culinary Centerrek, garapen jasangarria oinarri duen barne plan estrategikoa gogoan izanda, hamar hektarea basoberrituko ditu Aretxabaletan, Joxe Mari Aizeaga zuzendari nagusiak iragarri duenez: "2030 Agenda eta gure konpromiso soziala kontuan hartuta, estrategikoa eta zirraragarria da Basotik proiektuarekin dugun akordioa. Basque Culinary Center osatzen dugun komunitate osoa basoen sentsibilizazioan eta zaintzan inplikatzeko modu bat izango da, gure karbono-aztarna murrizteaz gain. Sektore gastronomikoa eta herritarrak inplikatzen dituzten hainbat ekimenen bidez, gura basoen eta gastronomiaren arteko harremana babesten dugu".
Hain zuzen ere, Aizeagak aurreratu bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde den Basotik Fundazioarekin sinatu dute lankidetza-hitzarmena, eta hortaz jardun du Xabier Arrutik, Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak: "Sinadura hau urrats funtsezkoa eta beharrezkoa da Fundazioaren helburuan aurrera egiteko: lurraldeko eragileak Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarri eta aurreratuan inplikatzeko helburuan aurrera egiteko, alegia".
Hitzarmenean jasotakoak
Hamar hektareak basoberritzeko asmoz, Quercus robur haritzak landatuko dituzte Aretxabaletan zortzi urteko epean, 2025ean hasita. Horretarako, "hainbat kolektiboaren parte-hartzea bultzatuko" dela azaldu dute: "Langileak, ikasleak, irakasleak... Haiek guztiak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko. Gainera, Basotik-ek ezagutza aditua bat eskainiko du: basoberritze-ekintzak noiz egin behar diren, basoberritzeko modurik egokiena zein den eta zein espezie aukeratuko diren azalduko du".