Udalak jakinarazi du kaleko garbitasuna hobetzea helburu duten hainbat neurri hartu dituztela azken hilabeteetan. Eta neurri gehiago ere etorriko direla gaineratu dute. "Ez da aparteko kexarik jaso. Sasoi honetan, adibidez, hostoak pilatzen direlako izan ohi dira gehienak", adierazi du Ion Albizu zinegotziak.
Aparailu berezia
Garbitasuna hobetzeko neurrien artean honako hauek daude: kirolguneetan garbiketa maiztasuna handitzea, astean hiru egunetik sei egunera pasatuta; paperontzi gehiago jartzea herriko gune estrategikoetan –kirolguneak, futbol-zelai inguruak, parkeak eta Azbeko pasealeku ingurua–; eta toki batzuetan lurzorua garbitzeko programa berezi bat jarriko da martxan, Bedarretako San Migel auzunean eta Herriko Plazako arkupeetan hasita. "Presio bidezko garbiketa egin beharrean, beste garbiketa mota bat egingo da, lurrean urteetan itsatsita dagoen zikinkeria kentzeko. Aparailu bat erosi du enpresak eta horrekin hainbat proba egingo ditugu: espaloietan, arkupeetan…", azaldu du Albizuk.
Zazpi laguneko taldea
Serbitzu SL enpresak du kale-garbiketaren ardura eta zazpi laguneko taldeak ematen du zerbitzua, "hainbat baliabiderekin". Orain arte, 343.339 euroko gastua izan du, eta 2024an 451.984 eurora igo da. "Eta etorkizunean kopuru hori handitzen joango da, igotzen ari diren hainbat gastu direla medio. Beraz, denon artean egin behar zaio aurre erronka horri", dio Albizuk. Udalaren helburua da kaleak "espazio txukun eta erosoak" izatea: "Udalak hartutako neurriekin eta norberaren konpromisoarekin, herrian espazio garbi eta atseginak izatea lortuko da".
Kimatze lanetan hastear dira
Lorezaintzari dagokionez, egunotan hasiko dituztela kimatze-lanak aurreratu du Albizuk. Iaz legez, etxebizitzetatik gertuen dauden zuhaitzen adarrak moztuko dituzte; gainerakoak, ez: "Zentzuzko kimaketak egitea da kontua. Horregatik, trabarik egiten ez duten zuhaitzak ez dira ukituko; Santutxu inguruko platanondoak eta Belorrietako ibai albokoak, esaterako". Aste honen bukaeran ez bada datorrenaren hasieran ekingo diete lanei Makai enpresako lorezainek: "Jendearen kexa batzuk entzun ditugu berandu gabiltzala esanez, baina hostoak bota ostean moztea da egokiena".