94 lan aurkeztu dituzte aurtengoan Huhezinema jaialdira, eta erdia baino gehiago –49 ikus-entzunezko, hain zuzen ere– Sail Ofizialean izango dira. Ikasle Sailean eta Bideoklipenean ere izango da parte-hartzea: hurrenez hurren, 20 eta 25 proiektu aurkeztu dituzte. Horrez gainera, antolatzaileek jakinarazi dute aurkeztutako lan guztien %43 emakumeek zuzendutakoak direla eta %57 gizonezkoek. "Berri ontzat hartu dugu hau, tradizionalki gizonez nagusitutako sektorea delako eta jaialdian emakumeek ere presentzia handiagoa izango dutelako".
Ikus-entzunezkoetan erabilitako hizkuntzari ere erreparatu diete antolatzaileek, eta adierazi aurkeztutako lanen %61 euskarazkoak direla. "Gazteleraz ere ugari daude: hain zuzen ere, 32. Hala, agerian gelditu da Euskal Herrian jaiotzeak edo bizitzeak –hori zen lana aurkezteko zuzendariek bete behar zuten irizpidea– ez duela mugatzen aurkeztutako lanen hizkuntza". Horrez gain, ingelesez, valentzieraz eta arabieraz ere aurkeztu dituzte lan batzuk.
Aparteko hiru sari
Sail Ofizialean, Ikasle Sailean eta Bideoklip Sailean emandako sariez gain, beste hiru emango dituzte aurtengoan: Mundukide, Hazi eta Berria sariak, "elkarte kolaboratzaile hauek jarritako irizpideak eta baloreak hobekien ordezkatzen dituzten film laburrei". Hain zuzen ere, 700 eurokoa izango da Mundukide Saria, eta "gaur egun munduan dugun lekuaz hausnartzera gonbidatzen gaituen lan onenak" eskuratuko du; 600 eurokoa da Haziren saria, eta "basogintza, landa eta itsasertzeko ingurunea eta bertan gertatzen ari den belaunaldi aldaketa ondoen islatzen duen lanak" irabaziko du; azkenik, Berria sariari dagokionez, 350 eurokoa izango da: "Horrez gain, sei hilabeteko harpidetza doan jasoko du emakumearen presentzia ondoen islatzen duen lanak: emakume zuzendari batek eginikoa denak edo emakumearen papera eta berdintasuna bultzatzen duenak; euskaraz bada, beti ere".
Iruditeria berria
Ikasle talde berri batek hartu du jaialdiaren antolakuntzaren ardura, eta iruditeria aurkeztu du, horrenbestez. "Zuri-beltza jarri dugu kartelaren oinarrian, eta garai bateko emakume zinegilea protagonista, figura hori goraipatzeko intentzioarekin. Iragana ordezkatzen duen zuri-beltzaren gainean tonu koloretsuak daude: hordia, urdina, gorria eta laranja. Kolore horiek izango dira 18. edizioko iruditeriaren identitatea". Erantsi dutenez, afixaren azken emaitza "ikaskideen proposamenen fusioa" izan da, eta garai bateko emakume zinegileari –eta gaur egungoari– egin nahi izan die keinua.