Gipuzkoako Organoen Zikloaren baitan urtero antolatzen duten kontzertua bueltan da. Mariatxen Urkia soprano aretxabaletarrak eta Jose Luis Frantzesena organo-jole azpeitiarrak emanaldia egingo dute domekan, abenduaren 1ean, Aretxabaletako parrokian, 19:00etan.
Pantaila aldarean
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen ditu organo emanaldiak, eta horretarako laguntzak eman: "Organoak bizirik mantentzeko apustua egin du. Izan ere, erabiliz gero afinatu egiten dira, eta konpondu apurtutakoak", azaldu du Urkiak. Hain zuzen, joan den astean egin zizkioten mantentze-lanak Aretxabaletakoari, parrokiak eskatuta, horretan aditua den Azpeitiko enpresa batek, eta domekarako gertu dago.
Organoaren alboan abestuko du Urkiak; hau da, koruan. Baina elizan eserita daudenek entzun bakarrik ez, ikusi ere egingo dute, Udalari esker, aldarean jarritako pantailan. "Ni kantuan ikusiko naute, baita organoa zelan jotzen den ere: pedalak, teklatuak… Entzuleek gusturago jarraitzen dute emanaldia horrela".
Aita Donostia eta Edith Piaf
"Erraz entzuteko" kontzertua izango dela aurreratu du Urkiak; abesti batzuk organoak bakarrik joko ditu eta beste batzuk ahotsarekin lagundutakoak izango dira: "Badu klasiko ukitutxo bat, baina edonork entzuteko modukoa da eta abesti gehienak ezagunak izango dira". Horien artean, Puerto Ricoko William Gomez konpositorearen Ave Maria abestuko dute: "Ave Maria hori, gaixo zegoela idatzi zuen, eta estreinatu aurreko egunean hil egin zen". Horrez gain, Aita Donostiaren Oñazez obra eta Edith Piaf frantsesaren hiru abesti ezagunen nahasketa bat ere abestuko ditu, besteak beste. Organoari dagokionez, Handelen lan bat joko du, eta beste bat Mozartena; baita Dvorak konpositorearen Sinfonia del nuevo mundo eta Belliniren aria bat ere. "Eta bukatzeko, opari moduan, Gabonetako hiru bat abesti abestuko ditugu".
Prince organoa
Aretxabaletako organoa Prince sinadura duen "munduko bakarra" da. Cavaille-Coll organo egile frantses famatuaren ikaslea izan zen Fernand Prince: "Azkoitiko, Loiolako eta Donostiako Santa Mariako organoak dira Cavaille-Collek eginak, maila handikoak. Princek harendako egiten zuen lan eta hark oniritzia emandakoan maisuaren izenean sinatzen zituen organoak. Aretxabaletakoa izan ezik. Organo txikia da, baina soinu ezaugarriei dagokienez altxor txiki bat da, diotenez. Hortaz, garrantzitsua da erabiltzea, mantentze-lanak egiteko eta bizirik eusteko".
Gabonetakoa, abenduaren 29an
Aretxabaleta Abesbatzak abenduaren 29an egingo du Gabonetako ohiko kontzertua. Buru-belarri dabiltza hori gertatzen, aurtengoa "berezia" izan dadin gura dutelako.
Gabon sasoiko abesti ezagunak izango dira protagonista, ohi legez, baina horien artean hiru sekula ez dituztela abestu onartu du Urkiak: "Hirurak dira lan potenteak. Horietako bat da Cavalleria rusticana obraren zati bat, abesbatzak solistarekin abesten duena. 2020 hasieran hasi ginen prestatzen, baina pandemiarekin bertan behera utzi genuen proiektua, eta orain, berriro heldu diogu horri". Instrumenturen bat edo beste ere sartuko dute emanaldian, eta sorpresaren bat egongo dela ere iragarri du: "Beste ukitutxo bat emateko".