Josu Viana: "Inork ez zuen igarri jokoari lotuta nengoela"

Mirari Altube Arrese 2024ko aza. 22a, 10:05

Josu Viana azalpenak ematen hainbat gurasoren eta gazteren aurrean.

Josu Vianak (Zumarraga, 1989) jokoaren erruz bizi izandako infernuaren berri eman zuen martitzenean, Udaleko Prebentzio Sailak antolatuta. Jokoaren loturatik askatzea lortu zuen, zazpi urte pasaren ostean, eta orain, beste batzuei laguntzea du helburu.

Josu Vianak (Zumarraga, 1989) jokoaren erruz bizi izandako infernuaren berri eman zuen martitzenean, Udaleko Prebentzio Sailak antolatuta. Jokoaren loturatik askatzea lortu zuen, zazpi urte pasaren ostean, eta orain, beste batzuei laguntzea du helburu.

Ludopatiak bizitza hankaz gora jartzen duela esaten diezu gazteei zein nerabeen gurasoei; zurea ere hala jarri zuen?

Bai; 18 urterekin sartu nintzen jokoan, konturatu ere egin barik: lehenengo, astean behin jokatuta apustuen makina batean; gero, birritan; eta, jakin ere egin barik, lotuta nengoen. Eta, noski, horrekin arazoak iritsi ziren: zorrak, gezurrak, lapurretak gertukoei, antsietatea... Jokoaren ondorioz zor handiak pilatu nituen, min handia egin nien maite ninduten senideei eta lagunei, eta haietako batzuk galdu egin ditut.

Horregatik, beste batzuei lagundu nahi diezu orain?

Bai; behin mundu horretatik ateratzen hasi nintzenean, beste batzuei lagundu nahi izan diet. Gurasoei bideratutako hitzaldiekin ekin nion bide horri, baina orain, gazteekin prebentzio lanak egiten dihardut gehiago.

Jokoa, adikzioa izanda ere, beste batzuk baino gutxiago lantzen da?

Substantzien kontsumoaren gainean informazioa ematen da gaztetatik, eta jokoaren inguruan ez dago hainbeste. Oso erraz sartzen dira gazteak; 15 edo 16 urterekin apustuak egiten hasten dira, kirol-apustuak, esaterako, inongo arazo barik, nahiz eta legeak ez baimendu 18 urte arte, eta, konturatu orduko, guztiz engantxatuta daude.

Zelan antzeman daiteke arazoren bat duela pertsona batek?

Jokatu ezkutuan egiten da, eta oso zaila da ingurukoak konturatzea. Nire kasuan, inork ez zuen jakin, neuk esan arte, eta zazpi urte baino gehiago egon nintzen horri lotuta. Diru arazoa agertzen denean antzeman daiteke; lehenago edo geroago, dirurik gabe geratzen zara, eta eskatzen edo lapurtzen hasi.

Eta zelan lagundu arazoa duen bati?

Garrantzitsua da jakitea zein puntura arte den dibertsioa eta noiz hasten den arazo izaten; edo uneren batean deskontrola baldin badugu hori bideratzeko zer egin. 

Aholkurik emango zenuke?

Nire gomendioa hauxe da: edozein arazoren aurrean, kontatu gertatzen zaiguna. Nik 30 urte izan arte dena gordetzen nuen eta konturatu nintzen egunetik egunera nire bizitza okertzen zihoala. Aldiz, edozein arazoren aurrean, gogorra izanda ere, kontatzen badugu gertatzen zaiguna eta laguntza eskatzen badugu, beti dago irtenbidea.

Hortaz, garrantzitsua da komunikazioa lantzea?

Bai; tamalez, askotan, ez dugu denborarik hartzen gure ingurukoekin egoteko, zer moduz dauden galdetzeko eta konfiantza giroa indartzeko.

LEINNeko ikasleen lanketa

Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasleek ludopatiaren gaineko saioa bideratu zuten, Udaleko Prebentzio Zerbitzuak antolatuta. Unax Etxebarriak, Danel Gonzalezek eta Ariel Garciak jokoaren arriskuez ohartarazi zuten eta prebentziorako gako batzuk eman zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak