Agerraldi jendetsua deitu du Aretxabaletako Sarek azaroaren 30erako, bost urteotako balorazioaren berri eman eta "alboan" izan dituzten herritarrak eskertzeko; Iturrigorri pilotalekuan elkartuko dira, 12:30ean.
Hirugarren gradua eskuratuta
Gari Atxabaltara dinamikari –aurrerago Gari etxera izango zena– 2019an ekin zion Aretxabaletako Sarek, herriko askotariko eragile eta norbanakoen babesarekin. "Gari Garciaren etxeratze-prozesua bultzatzea eta konponbideari gure aletxoa jartzea ziren helburuak", adierazi du Sareko kide Txarli Garciak. Bost urte oso gorabeheratsuak izan direla gogorarazi du. 2020an, adibidez, pandemia iritsi zen: "Guztiontzat okertu bazen egoera, pentsa espetxeetan zeudenentzat; esaterako, telefono deirik gabe geratu ziren preso guztiak. Eta Gari orduan Valentzian zegoen, lehen graduan". 2020aren bukaeran lekualdatu zuten Zaballara (Araba): "Hura izan zen Euskal Herriratzen lehenengoetakoa".
Konponbidearen bidean aurrerapauso asko eman direla urteotan dio Garciak: "2022an, 40 urteren ostean, sakabanaketa bukatu zen, guztion lanari esker". Orduan, beste fase batera egin zuten jauzi: "Etxeratze-prozesua" bultzatzea. "Oztopoz betetako bide bat zela ikusi genuen eta gure aldarrikapen nagusia izan zen euskal presoei aplika ziezaietela gainerako presoei aplikatzen zieten legea; hau da, espetxe politika arrunta".
Gari, Zaballara iritsi zenetik lau urte beteta, bigarren gradutik hirugarrenera pasatu da: "Gaur egun, zigorra betetzen jarraitzen du, legeak ahalbideratzen duen beste modalitate batean: espetxera lotara joanda". Horregatik, zikloari amaiera emango diote: "Aretxabaletan presorik ez da izango aurrerantzean, baina ezin dugu ahaztu 100 preso baino gehiago geratzen direla, baldintza guztiak beteta, graduaren progresioa emateke. Hortaz, dinamika orokorrera pasatuko gara eta denak etxeratzea eskatuko dugu".
Eskertza ekitaldia
Azaroaren 30erako deitutako ekitaldian bost urteotako ibilbidearen balorazioaren berri emango dute. Eta gonbidatu gura dituzte urte horietan zein aurretik alboan izandako herritarrak: "Haiekin konpartitu gura dugu, argazki erraldoia atera eta mokadu bat jan elkarrekin. Oso babestuta sentitu gara, adostasun soziala zabala izan da bide honetan, eta eskertu egin gura ditugu".