Udalak, gainera, adierazpen instituzional bidez bere "gaitzespenik irmoena" azaldu du indarkeria matxista guztien aurrean, eta honako konpromiso hauek hartu ditu: emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean euste-horma kolektiboa aktibatzea; gazteei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak hartzea, batez ere mutilei zuzendutakoak; eta eskola-komunitateari zuzendutako prestakuntza-prozesuak indartzea. "Denon ardura da, eguneroko zereginetatik hasiz", gaineratu dute.
Adierazpena osorik:
"Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da, eta Aretxabaletako Udalak bere gaitzespenik irmoena azaldu nahi du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean.
Istanbulgo hitzarmenak adierazten du «Emakumearen aurkako indarkeria» esatean, giza eskubideen urraketa eta emakumeen aurkako diskriminazioa ulertu beharko direla, eta hor sartuko direla generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, eta baita ekintza horiek egiteko mehatxuak, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea ere, bizitza publikoan nahiz pribatuan.
Aurten eremu digitalean jarri nahi dugu arreta; izan ere, “manosfera” deitu zaion eremuan (maskulinitate hegemonikoa sustatzen duten webguneak, sare sozialetako taldeak ...), mezu misogino eta matxistak hedatzen ari dira, informazio faltsu eta mezu negazionistekin batera. Diskurtso horien aurrean, gogorarazi behar da indarkeria matxista gure jendartearen egiturazko arazoa dela, emakumeen eta gizonen arteko botere desberdintasunean oinarritua.
Hori guztia kontuan hartuta, Aretxabaletako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:
- Emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, euste-horma kolektiboa aktibatzea gure herrian, tokiko eragile guztiekin lan eginez.
- Gazteei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak hartzea, batez ere mutilei zuzendutakoak, egunero, eta batik bat bitarteko digitalen bidez, jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko.
- Eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea, bai gune formaletan, bai informaletan, indarkeria matxista ukatzen duten mezu eta jarrera horiei aurre egiteko eta horiek desaktibatzeko.
Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta Mugimendu Feministak deitu duen elkarretaratzean parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, denok bat eginik emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko. Denon ardura da, eguneroko zereginetatik hasiz eta gure inguru hurbilenean eraginez, apurka-apurka berdinzaleagoa den Aretxabaleta eraikitzea. Elkarretaratzea, azaroaren 25ean izango da, Herriko plazan, 18:30ean".