Asko harritu egingo ziren zuk liburu bat idatzi izanarekin.
Bai! Barruan beti izan dut har hori nik; haur literatura oso gustuko dut, gainera. Orain dela lau urte, pandemiari amatasuna batu zitzaion nire kasuan eta katakrak egin zidan zerbaitek orduan; eta esan nuen: "Ea ipuin bat idazteko gai naizen!". Halaxe, gauetan hasi nintzen idazten eta ilustrazioak egiten. Ni ez naiz marrazten egunero dabilen horietakoa, eta zerbait txukuna egin gura nuen; hortaz, presarik gabe eta patxada handiarekin lan eginda, bederatzi bat hilabetean bukatu dut.
Haurdunaldi bat izan da orduan.
Bai, eta sekulako bultzada izan da proiektutxo bat nik neuk hasi eta bukatzea. Behin amaituta hasi nintzen pentsatzen harantzago joan nintekeela eta esku artean izango nuen liburuan amesten hasi ere bai. Egia da, gero, pausoa ematea asko kostatu zitzaidala, handikeria iruditzen zitzaidalako, baina badut lehengusu diseinatzaile bat, eta haren bitartez egin dut.
Ilusioa egin zizun liburuak eskuetan izateak?
Urtarrilean jaso nituen etxean, eta izugarria! Erronka handia izan da, eta mimo handiarekin egin dudan proiektua.
Urtarriletik irail arte, baina, ez zenituen inon erakutsi!
Ez! Borroka bat izan dut neure barruan. Marraztea beti izan dut gustuko, baina neuretako marraztu izan dut, eta marrazkien karpeta sekula ez diot inori erakutsi. Oraingoan, biluzte prozesu bat izan da, sekulakoa, hazte pertsonal garrantzitsua izan da! Azkenean, erabakia hartu, eta irailean, sanmigeletako azokan, atera nituen lehenengoz jendaurrera.
"LAN GUZTIAK FORMATU TXIKIAN ETA GOXOAN EGIN GURAKO NITUZKE, MIMOZ LANDUTA"
Eta zelako harrera egin zioten herritarrek?
Benetan polita. Jendeak ez zuen espero nik liburu bat idaztea, eta harriduraz eta atseginez hartu ninduten. Feedback positiboa jaso nuen eta pozik nago.
Zer kontatzen du Siroren zilborra ipuinak?
Eguna bere zilborrari begira pasatzen duen hartz baten istorioa da. Gertakari baten ondorioz, burua altxatu eta mundua deskubrituko du. Kezkak sorrarazi eta hausnarketak eragiten dizkidaten gaiak landu gura izaten ditut ipuinetan.
Zein adinetakoei gomendatuko zenieke?
Liburuaren formatuari eta ilustraziori begiratuta, 5 eta 7 urte artekoendako izan daiteke, nahiz eta istorioa edonorendako den. Hala ere, sarritan diodan moduan, gutxienekoa da ipuina; horri esker umeari eskaintzen diogun unea da garrantzitsua.
Erosteko nora jo daiteke?
Hor ere badut ibilbide bat egiteko, ez daukat hedapenerako sistemarik eta. Neuk ditut etxean, eta neuregana etor daitezela.
Norberaren herriko liburutegian liburua ikusteak poztu zaitu?
Izugarri, bai. Eta ilusio handia egin dit artxibo historikoan ere beste ale bat gorde dutela jakiteak.
Barruan zenuen harra ase duzu ala ate bat zabaldu diozu?
Baditut beste ipuin batzuk idatzita eta ilustrazio batzuk eginda. Dena den, esku artean beste proiektutxo bat dut orain, ipuin formatuan beharrean zinema formatuan. Irlandako lagun batek oparitutako eskuz egindako zinematxo bat dut, eta zeta-paperezko irudiak egiten nabil osatzeko; atzetik argiztatuta ipuina kontatuko dut. Sekulako lana da; hortaz, ez dakit noiz bukatuko dudan! Ipuin kontaketa saio batzuk egiteko gogoa ere badut. Hori bai, lan guztiak formatu txikian eta goxoan egin gura ditut.