Sei astetako egonaldia egin dute 18 hizkuntza-aktibistak Euskal Herrian, euskararen biziberritzearen esperientzia bertatik bertara ezagutzen. Munduko 13 hizkuntza ordezkari izan dira: Erdialdeko Amerikatik hasita, Yucatango hiru maia eta Guatemalako maia kaqchikel bat. Hego Amerikatik, Kolonbiako nasa, Ekuadorko bi kitxua, Brasilgo aseninka, Boliviako ketxua eta guarania, Argentinako guarania eta Wallmapuko maputxea. Afrikako kideak ere izan dira, Ekuatore Gineako bubia eta Marokoko amaziga. Alemaniatik ere etorri da amazig diasporako kide bat. Azkenik, aurten, Asiako kide bat ere izan da formazio programan, kurdua, hain zuzen ere.
Egonaldia borobiltzeko festa
Atzokoa, sei astetako egonaldia borobiltzeko ekitaldia izan zen eta bertan parte hartu zuten Aretxabaletako alkate Gari Iturbek, Garabideko ordezkariek, formazio programan parte hartu duten hizkuntza-aktibistek eta euskalgintzako hainbat ordezkarik. Bertan, Garabideren Azken Festa honetan ohiko bilakatu den opari-katea egin zuten, batak besteari esanahi bereziko opariak emanaz.
Euskararen esperientzia, mundu zabalera
Garabideren hizkuntzak biziberritzeko programak, bide ematen du, euskaldunok hizkuntzaren biziberritzean ditugun ezagutzak eta esperientziak hizkuntza gutxituak biziberritzen diharduten munduko beste komunitateekin partekatzeko. Izan ere, Garabideko presidente Iñaki Martinez de Lunak nabarmendu moduan, "gauzak asko ditugu oraindik ere lortzeko, baina beti horiei begira egon barik, jakin behar dugu euskararen biziberritze esperientzia erreferente dela munduan".
Ekitaldia bukatzeko, Bernat Etxepareren Kontrapas bertsoa abestu zuten elkarrekin. Euskaraz inprimatutako lehen liburuan –Linguae Vasconum Primitiae– apaiz baxenafartarrak euskarari eskaini zion olerkia.