Herriko txalapartariak Sutunpa izenaren bueltan elkartu dira eta Arientzako kanpai-jole eskolako kideek bat egin dute haiekin. Elkartea sortzearen arrazoia da transmisioa bermatzea. "Txalaparta jotzen dakitenak egon badaude gure herrian, besteak beste ikastaro asko eman direlako, baina gero jarraipenik ez da egon". Horren arrazoia da "ezer ezin eskaini izana" orain arte. "Zelan egongo da jarraipena lokalik ere ez badugu izan?", adierazi dute taldeko kideek. Orain, gela bat izango dute kuartelean entseguak egiteko, ikastaroak antolatzeko eta gura beste jotzeko; eguen guztietan izango dira han, 18:00etatik aurrera.
Taldea indartzea helburu
Txalaparta ez da edonon jo daitekeen instrumentu bat; hala dio taldeko kide Igor Etxabek: "Bi lagun behar dira, gutxienez, eta etxean ezin da jo; norabait eraman behar da derrigorrean eta oholek pisua daukate hara eta hona ibiltzeko". Horregatik, kuarteleko gela gune aproposa izango da entsegurako zein topagunerako.
Txalapartariek ez ezik, kanpai-jole eskolako kideek ere badute elkartzeko ohitura. Egubakoitz guztietan joaten dira Areantza auzoko elizara, eta han txalaparta bat ere badute. Hala, ordu erdi inguruan kanpaiak jotzen dituzte eta beste ordu erdi batez txalaparta, Gorka Madinabeitiak azaldu duenez: "Gustura jardun izan dugu, baina konturatu ginen ez genuela aurrera egiten, eta guk baino gehiago zekien norbait behar genuela horretarako". Txalapartariengana jo, eta orduantxe erabaki zuten bat egitea elkarte baten bueltan.
TXALAPARTAREN BUELTAKO KULTURA SORTU GURA DUTE, JOTZEKO GERTU DAGOEN JENDEAREKIN
Elkartu izanak baduela zentzua dio Aitor Ziardegi txalapartariak, urteetako harremana dagoelako atzean, besteak beste. "Behin baino gehiagotan elkartu izan gara. Kanpai-joleen topaketak egin dituztenean mazoekin zein makilekin jo izan ditugu kanpaiak, eta ekitaldi polita sortu da Bergarako kanpandorrean eta Larrino auzokoan, esaterako. Izan ere, konexio naturala dute txalapartak eta kanpaiek". Elkarrekin eratu duten Sutunpa elkartea txalapartaren bueltako kultura eustera dator: "Gura duguna da txalaparta kalera ateratzen den bakoitzean jendea elkartzea horren inguruan, jotzeko gertu dagoen jendea". Gaur egun, hamahiru bat kide daude taldean, baina kalean jotzen dihardutenak sei-zortzi lagun izaten dira. Taldea indartuta ekitaldi gehiago antola daitezkeela uste dute, eta, badute burutazioren bat edo beste, udaberrira begira: "Txalaparta egun bat izango litzateke; ekitaldi xume bat, baina, era berean, jardunaldi bat inguruko beste elkarte batzuekin hartu-emanak estutzeko".
Ikastaroa azaroan
Herriko txalaparta-zaleak ikastaro eskean dituztela aspalditxoan badakite: "Pentsa, orain dela urte pare bat esan genien egingo genuela!". Ez da emango duten lehenengoa, azken hogei urteetan hainbat egin dituzte eta: "Gehienak beti hastapen ikastaroak izan dira, gerturatze bat, baina dagoeneko hori baino gehiago gura dute hainbatek. Hortaz, jende gehiago egonda mailakatu egin daiteke".
Saioak azaroaren 7an hasiko dituzte, eta lau eguenetan egin, 18:00etatik 19:30era bitartean, kuartelean. Izena emateko epea hilaren 5a arte izango da zabalik eta horretarako Loramendi elkartera jo daiteke –685 75 67 29– edo Igor Etxaberekin harremanetan jarri –628 44 00 49–. Prezioa 30 euro da.
Kuarteleko jaialdian Jaikikoekin
Urriaren 12ko Herrixa kuartelera jaialdian Jaiki elkartekoekin batera jardun zuten Sutunpako kideek. Aurretik ere, sanmigeletan, girotu zituzten kaleak. Haien asmoa da halako ekitaldietan parte hartzen jarraitzea Udalarekin hitzarmen bat sinatuta.