Aretxabaletako Hiruatx elkarteak –Mundukide GKEren baitan– hiruzpalau urte daramatza birziklatzaileekin lanean; lehenengo urteak Kolonbian eta iaz Ekuadorren. 2024an Kolonbiara itzuli da eta Nariño probintziako Pasto udalerriko Girasoles elkartearen bidelagun da; helburua da haien lana duintzea. Eta horretara bideratu du Udaletik zein aretxabaletar laguntzaileen bitartez jasotako dirua.
Emakumeen lanbidea
"Profesionalizatuta dagoen lanbidea da birziklatzaileena, eta gremioetan antolatuta daude. Emakume edadetuak dira gehiengoa lanbide horretan, lan-baldintza gogorretan dihardutenak. Hain zuzen, horregatik batzen dira elkarteetan, lana duintzeko helburuarekin eta Gobernuaren aurrean indartsuagoak izateko", azaldu du Hiruatxeko kide Aiora Padillak. Girasoles elkartea 59 bazkidek osatzen dute eta horietatik 52 dira emakumeak: "Beste diru-sarrerarik ez duten emakumeen lanbidea da sarritan".
Hiruatxen zeregina bereziki laguntza teknikoa ematea da. Horretarako, teknikari bat bideratu dute bertara, Girasolesen "kudeaketa ahalmena indartzeko". Horrekin batera beste hiru helburu ere badituzte: birziklatze materialak erosteko duten lan-kapital fondoa sendotzea; ekoizpen prozesua indartzea, elkarteak duen ekipamendua mantentzeko eta berritzen joateko; eta produktuen merkaturatzea bideratzea, industri txiki eta handiei saltzeko bezero finkoak eta merkaturatze estrategia bat behar-beharrezkoak direlako. "Azken batean, haien lan-baldintzak hobetuta, profesioa duintzea da helburu nagusia, sostengu ekonomikoa areagotuta", dio Padillak.
Hiruatxek Mundukiderekin batera dihardu lanean: "Kolonbiaren aldeko apustua egin du Mundukidek eta urteak daramatza han; guk haien lan egiteko moduarekin bat egiten dugunez, euren bitartez gabiltza kudeatzen proiektua".
30 urtetik gora lanean
Gobernuz kanpoko erakundeak 30 urtetik gora daramatza herrialde pobretuetan proiektuak bultzatzen eta hango elkarteen bidelagun izaten. Asian eta Afrikan –Indian eta Mozambiken, hurrenez hurren– egon ondoren, azken urteetan Hego Amerikan dihardu. Gaur egun, sei lagunek gidatzen dute elkartea, eta eskerrak eman dizkiete urteotan sostengu izan dituzten laguntzaileei: "Udalari zein norbanakoei esker, gogoz jarraitzen dugu lanean".