Kukumarroak prestatzen hasteko sasoia iritsi da

Mirari Altube Arrese 2024ko urr. 25a, 18:30

Arimak, Herriko Plazan, iazko ikuskizunean.

Datorren asteko Gaba Baltza girotze aldera hainbat kontu gertatzen dihardu azken egunetan Loramendi elkarteak, eta, aurreko urteetan legez, ihes-gela eta urriaren 31ko kale-eskea eta ekitaldia izango dira protagonistak.

Arimen Gauaren bueltako ohitura zaharrak berreskuratzen eta berrasmatzen dihardu Euskaltzaleen Topaguneak azken urteotan, eta haren bueltan Loramendi elkarteak ere bai, helburua izanik jaia euskaratik eta euskaraz bizitzea. Horregatik, urriaren 31 gerturatzeaz bat, ekitaldi sorta antolatu dute.

Ihes-gela hilaren 29tik

Sekulako arrakasta izan du azken urteotan udaletxe zaharrean prestatutako ihes-gelak, eta aurten ere ez du hutsik egingo. "Badakigu jendea horren esperoan dagoela, eta ea haien ikusmina asetzen dugun", adierazi du Ainhoa Sanchez dinamizatzaileak. Urriaren 29an hasi eta azaroaren 8ra bitartean zabalduko ditu ateak, arratsalde guztietan: 17:30ean hasita hiru saio izango dira. Azaroaren 1ean, jaieguna izanik, goizean ere izango dira bisitak. Aldez aurretik izena ematea eskatu dute, eta horretarako prestatutako galdetegia bete beharko da. Iaz legez, bi eratako txandak egongo dira. Batetik, familiendakoak; 8 eta 14 urte artekoendako gaztetxoek heldu batek lagun eginda sartu beharko dute, bost laguneko taldeak osatuta. Eta bestetik, 15 urtetik gorakoendakoak; bakarrik sartuko dira lauko taldeetan. Prezioa da 20 euro taldeko.

Tailerra eta eskea

Umeentzako tailerrak antolatu dituzte urriaren 30erako: kukumarroak prestatuko dituzte, hurrengo egunean behar bezala mozorrotuta irten daitezen eskean. "Mozorrotzeko ohitura gero eta zabalduago dago eta guk geureari eustearen alde egin dugu. Horregatik, kukumarro jantzia zelan atondu erakutsiko diegu: alkandora koadroduna; aurpegian zapi zuria begietarako bi zulorekin eta irribarrea marraztuta ahoan; eta lastozko kapela". Ludotekako umeekin eta hizkuntza errefortzuetan dihardutenekin landuko dute gaia eta egun horretan ez dela zerbitzurik egongo gogorarazi dute, tailerra bakarrik.

Ohi legez, kale-eskea hilaren 31n izango da, eta komertzioetara bisita egingo dute neska-mutikoek. Aurten arautu egin gura izan dute: "15-20 minutuko txandak jarriko ditugu establezimendu bakoitzean; hala adostu dugu merkatariekin, lan-karga gehigarririk ez emate aldera". Ohitura horrekin bat egingo dutenek kartela izango dute dendaren aurrealdean. Umeek, ostera, hainbat baldintza bete beharko dituzte gozokiak jasotzeko: "Kukumarro jantzia izango dute soinean, eta ezinbestean abestu beharko dute Gaba Baltzerako gertatutako koplak. Gainera, ezingo dira sartu komertzio barrura, kanpoan abestuko dute eta dendariari han itxarongo diote".

Herriko kaleak eta txokoak apaintzera ere gonbidatu dituzte herritarrak egun horretan: "Ondoren, argazkiak atera eta bidali Loramendira, sare sozialetan zabalduko ditugu-eta gero".

Eskearen ondoren, Arimen Gaua girotzeko ekitaldia izango da Herriko Plazarako eskaileren bueltan. Jaiki elkarteko dantzarien laguntzarekin prestatuko dute ikuskizuna.

Kontakizun ilunen lehiaketa

Kontakizun ilunen lehiaketa ere antolatu du Loramendik. Helduei bideratutako deialdia da eta urriaren 28ra bitartean aurkeztu beharko dira. Edozein formatutan idatzitako narrazioak onartuko dituzte: poesia, mikro-ipuina, bertsoa…; gehienez, orri batekoak. Loramendiren bulegora eroan beharko dira lanak, edo postaz bidali: kaixo@ loramendielkartea.eus. Saria izango da Aretxarte merkatarien elkarteko establezimenduen artean gastatzeko bonu bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak