Abuztuko KPI metatua erreferentzia hartuta erabaki du Udal Gobernuak neurri orokor gisa %2,6ko igoera aplikatzea: "Horrekin lortu nahi dena da gastu-ahalmenari eutsi ahal izatea eta zerbitzu publikoak bideragarri izaten jarraitzea". Horien artean daude uraren tasa, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta beste hainbat tasa arrunt.
Kiroldegiko tasak ere %2,6ko igoera izango du, jarduerek izan ezik; horiek 2 euro gehiago ordaindu beharko dira hilero.
Udaleku irekien prezioa egokitu egingo dute "eskualdeko preziorik baxuena duelako Aretxabaletak", eta 90 euro izatetik 95 euro izatera pasatuko da.
Antzezlanen prezioak euro bateko igoera izango du eta "ikuskizun motaren arabera" igoera hori handiago izan daiteke.
Hondakinen tasak izango du igoerarik handiena: "Izan ere, arau-aldaketa bat dela eta, udala behartuta dago hondakinen bilketak eta tratamenduak sortzen dituen gastuak tasekin estaltzera". Igoera hori %11koa izango da, hau da, hiruhileko bakoitzeko 4 euro inguru alkatearen esanetan.
Zirkulazio tasa izoztu eta terrazak %33 behera
Igoera horretatik salbuetsita geratu da trakzio mekanikoaren gaineko zerga –zirkulazio-zerga–; eta orain arteko kopura berbera ordaindu beharko dute herritarrek. Gutxien kutsatzen duten ibilgailuei, gainera, hobaria aplikatuko diete; CO2 isurketen araberako taula bat zehaztu dute horretarako. Auto-elektrikoen kargagailuendako, ostera, %90eko hobaria zehaztu dute.
Tabernetako terrazek ordaintzen duten tasa %33 jaistea onartu zuten: "Tabernen ugazabekin lanketa bat egin da terrazen kokapenaren gainekoa eta egokitzapen bat egitea onartu zen".
Espazio publikoa okupatzeagatik ordaindu beharreko tasa ere egokitu egingo dute eta taula batean jaso dituzte horiek: "Izan ere, adibidez, auzo-komunitateek egiten zituzten hobekuntza-lanak neurriz gain grabatzen zituen".
Hobariak mantendu
Aurretik martxan jarritako hobariak aplikatzen jarraitzeko asmoa agertu zuen Garikoitz Iturbe alkateak: "Familia guztiek zerbitzu publiko guztiak eskura ditzaten, diru-sarrerak edozein izanda ere". Pausokako eta kiroldegiko tasetan aplikatuko dute, orain arte legez, eta beste hainbat zerbitzutan. Gaineratu zuen, gora egin duela azken urtean eskaera kopuruak.
Aldaketa horien guztien helburua bikoitza dela gaineratu zuten: "Batetik, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitu ahal izatea, eta, bestetik, pertsonak eta gure ingurumena babesten jarraitzea".
EAJ ados proposatutakoarekin
Euzko Alderdi Jeltzaleak begi onez ikusi zuen proposatutakoa. "Aplikatu den zerga politika da azken urtetan gu aplikatzen ibili garen oso antzekoa, adibidez, KPIa aplikatuko da orokorrean. Zaborraren igoera legez behartutakoa da, baina aurreko agintaldietan igotzen joan garelako %11koa da orain eta ez da beste herri batzuetan beste igoko", zioen Mikel Uribetxebarria bozeramaileak. Hobarien proposamenarekin ere bat etorri ziren eta aho batez onartu zuten Udal Gobernuak aurkeztutakoa.