Kuarteleko jaiarekin bat egiteko gonbidapena

Mirari Altube Arrese 2024ko urr. 11a, 08:30

Kuarteleko musikariak iaz, Herriko Plazan egindako bazkarian.

Sortzaileen "txokoa aldarrikatzea", egiten duten "lana erakustea eta Aretxabaleta bizirik mantentzea" helburu duen Herrixa kuartelera! jaialdia antolatu du Kuartela kultur elkarteak; gaur eta bihar izango da eta kontzertu sorta iragarri dute.

Herrixa kuartelera! izena jarri diote Kuartela kultur elkarteak, laugarrenez, antolatutako jaialdiari, eta "herritarrak bertan pilatzeko" kontzertu sorta antolatu dute urriaren 11rako eta 12rako. "Helburua da herritarrak zein ingurukoak kuartelean elkartzea, gure txokoa aldarrikatzea eta bertan egin duguna erakustea; horrez gain, Aretxabaleta bizirik mantentzea ere bai", adierazi du Beñat Abasolo Mujikak, elkarteko presidenteak.

Sei eskaera

Gaur-gaurkoz, 115 erabiltzaile ditu kuartelak; eta irailean egindako deialdiaren ondoren beste seik adierazi dute leku barik daudela: "Etorri zaizkigu dantza talde bat, bakarlariak, Okila taldeko kideak… Baita Arrasateko hainbaten eskaerak ere; horrek esan gura du beste leku batzuetan ere badagoela gabeziaren bat". Leku eskaeraren gaia urtarrilean egingo duten batzar orokorreko gaietako bat izango da: "Behar hori dutenei txoko bat bermatzea da orain gure lana. Ondo bidean, datorren urtean erabiltzaile gehiago izango gara".

Eraikinaren egoerari dagokionez ez dela askorik aldatu azaldu du Abasolok, "nahiz eta konponketa batzuk" egin dituzten: "Eskertzekoa da Udalak partida bat bideratu izana, baina esandako guztia ez da egin, uste baino garestiagoa zelako". Eta gaineratu du egoera ez dela ona: "Esan genezake, beste behin ere, Udalaren lehentasunen artean ez dagoela herriko kultura bultzatzea; ez, behintzat, Kuartela bultzatzea". Herriko "kulturgintza borborka" egonda kontraesana dela laguntzarik ez ematea dio: "Herria bizirik dagoela erakusten dute bertako taldeek Aretxabaletako jai bakoitzean parte hartuta".

Gonbidapena herritarrei

Musikak, dantzak eta muralgintzak bat egingo dute kuartelaren bueltan, eta jatekoa ere egongo da: Zaloñaurreko hanburgesak eta Tipi Tapa foodtruck-a. Bazkaltzeko 50 bat lagun batuko dira, eta elkartearen presidenteak ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak: "Bertan sortuko den giroa apartekoa izatea espero dugu; hortaz, etorri guztiok. Patioak, igual, aterpea izango du etorkizunean, baina, oraingoz, ez duenez, karpa jarriko dugu, ez bustitzeko".

Wood Strings talde aretxabaletarrak, gainera, azken kontzertua egingo du gaur eta zortzi urteko ibilbideari agur esango dio lagunez inguratutako emanaldi berezian.

Egitaraua

Kontzertu eta ikuskizun sorta antolatu dute bi egunetarako.

Urriak 11, egubakoitza

  • • 19:00 Gaiteroekin kalejira, kaletik kuartelera.
  • • 20:00 Kontzertuak: Wood Strings, Nick Linbött eta Jasan.

Urriak 12, zapatua

  • • 12:00 Jaiki elkarteko dantzarien emanaldia, Zutunpa txalapartariekin batera.
  • •13:00 Mutiko Kristal grafiti-egilea, DJak lagunduta. Kuartelaren kanpoaldeko murala berrituko du.
  • • 14:30 Bazkaria.
  • • 16:00 J&B bikotearen emanaldi akustikoa.
  • • 18:00 Kontzertuak: Oihu, 721, Txit Karramarro, Eten, BRGS eta Neallta Fola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak