2016ean Arlutz tabernan egin zuten lehen kontzertua, eta haren ondotik, zortzi urteko ibilbidea egin dute rock akustikoaren baitan kokatu den taldeak. "Zerbait ezberdina egiteko gogoarekin", lau lagunen artean eratu zuten lehen proiektua: Paul Casal (ahotsa eta gitarra), Oier Arregi (gitarra), Eñaut Zubizarreta (biolontxeloa) eta Asel Errasti (bateria). Ondoren, Mikel Usobiaga (baxua) arrasatearra batu zitzaien, eta geroago, Xabi Zuazabeitiak ordezkatu zuen azken hori.
Bi EP eta album bat argitaratu dituzte zortzi urtean: 2018an Bat izenekoa; 2019an Bi; eta 2021ean, Isladak diskoa. Hain zuzen disko horretako Lagun abestiak arrakasta handia izan zuen, herriko gazte eta bizilagun mordoak parte hartu baitzuten bideoklipean.
Agur-kontzertua, "osoa"
Ibilbidearen bukaerara iritsi direla sentitu dute eta "ondo" bukatu gura dute; taldekide gehienak beste proiektu batzuetan murgilduta daude, gainera. Eta agurra lagunartean esan izan dadin gura dute; horregatik Kuartelak antolatutako jaialdian izango da. "Kontzertu osoa izango da eta abesti asko joko ditugu, zaharrak zein berriak. Gainera, taldetik pasatutako kide guztiok hartuko dugu parte, Mikel Usobiaga ere egongo da", jakinarazi du Asel Errastik.
Zortzi urteotan laguntza emandakoak eta alboan izandakoak eskertu gura izan dituzte: "Aretxabaletako Gazte Ekimenak, Eskoriatzako txosnek beti hartu gaituzte kontuan; Oñatin ere sarritan egon gara eta harrera beroa jaso dugu. Horiez gain, inguruan ditugun lagunak beti egon dira prest gurekin edonora joateko".