Denboraldi hasiera onari jarraipena emateko beste aukera bat izango du UDAk asteburuan. Jokoan egon diren 12 puntuetatik 7 atera ditu Unai Calzonen taldeak, eta denboraldi amaierako helburua lortzeko puntuak batzen jarraitu nahi dute aretxabaletarrek. Basconiaren aurkako porrotak "eragin positiboa" izan duela dio Calzonek; izan ere, "ligako talde gogorrenetako baten aurka partidua borrokatu eta punturen bat lortzeko aukera" izan zuten. Gaur-gaurkoz, ligako oilarren aurka lehiatzeko gai da UDA, eta talde asko ezustean harrapatu dituela aitortu du Calzonek: "Jokalari, delegatu edo bigarren entrenatzaileren batekin hitz egiteko aukera izan dute batzuek, eta guztiek aitortu digute ezustean harrapatu ditugula. Talde ahulagoa espero zuten, joko zuzenagoa izango zuen eta baloiaren jabetzari ia uko egingo zion talde bat. Bada, ez da gure estiloa. Baloiaren jabetza nahi duen talde bat gara, baditugulako horretarako baliagarriak diren jokalariak, eta partidu guztietan lehiakorrak izan nahi dugu".
Detaile txikiak erabakigarri
Laugarren jardunaldian iritsi zen UDAren denboraldiko lehenengo porrota, eta Calzonek dio bazekitela "Hirugarren Mailan lehiatzeko gai" izan zitezkeela. Hala ere, onartu du liga oso luzea dela eta detaile txikiek garrantzi handia izango dutela: "Gure beldur nagusia partiduetan gertatzen diren detaileetan onak ez izatea da. Aurkariaren atera hiru aldiz heldu baina ez badugu golik egiten, besteak gure atera iritsitakoan bi aldian behin gola egingo digute, kalitate oso handiko jokalariak izanda horretarako gai direlako. Erritmo horretara egokitzea da gakoa, eta, nola ez, zortea alde edukitzea eta partiduak borrokatzea".
Dagoeneko zazpi puntu eskuratu arren, Calzonen taldeak "hankak lurrean" mantentzen ditu, badaki-eta liga "oso luzea" dela: "Mailaz igotzen den taldeak dinamika positiboarekin hasten du liga, baina denboraldia oso luzea da, lesioak gerta daitezke eta bolada txar batek eragin handia izan dezake. Puntuak batzen jarraitu behar dugu".
Talde gogorra aurrean
UDAk ez daki oraindik zer den etxean galtzea, eta bolada on horri jarraipena eman nahi dio taldeak. Aurrean, baina, ez du aurkari erraza izango Aretxabaletako taldeak: "Aurreko taldea mantendu egin dute eta iaz oso denboraldi ona egin zuten. Ezagutzen dugu taldea, denboraldiaurrean euren kontra jokatu genuelako, eta talde gogorra da. Baliteke ez egitea ligako joko ikusgarriena, baina guztiek dakite zertara jokatu behar duten". Hori esanda, Calzonek argi dauka zer egin beharko duen UDAk hiru puntuak eskuratzeko: "Gure jokoa egin behar dugu: baloiaren jabetza izaten jarraitu, intentsitate handia jarri partidu osoan, trantsizioak aprobetxatu eta denok batera defenditu. Aipatutako horietako zerbait egiteari uzten badiogu, maila honetan asko izango dugu galduta".
Gainontzeko neurketak
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan, Aloñak Vasconiaren bisita jasoko du Azkoagainen (zapatua, 15:30), denboraldiko lehen garaipena lortzeko asmoz. Mondra eta Bergarak, berriz, etxetik kanpo jokatuko dute: zuri-moreek Mutrikuren (zapatua, 17:00) eta mahoneroek Beasaingo bigarren taldearen aurka jokatuko dute (domeka, 17:00). Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, Bergarak Agorrosinen jokatuko du, Donostiako Irauli Bosteko taldearen aurka (zapatua, 16:30).