Euskal Herrian dira hemezortzi hizkuntza-aktibista

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ira. 23a, 10:33

Joan den egubakoitzean, hilaren 20an, egin zuten programaren aurkezpena. Irudia: Garabide.

Hamahiru komunitatetako kideak dira, eta Garabidek antolatutako formazio programa batera etorriak dira; hemen izango dira urriaren 31ra arte. 

Euskal Herrian dira hemezortzi hizkuntza-aktibista, Garabide elkartearen hizkuntzak biziberritzeko formazio programa dela-eta. Era horretan, helburu dute "hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren munduko hainbat komunitatetako ordezkariak hizkuntzak biziberritzeko estrategietan formatzea", eta, aldi berean, programak bide ematen du komunitateen arteko elkar-ezagutzan eragiteko: "Alde batetik, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren komunitateen eskariz, euskararen esperientzia erakusteko formazioa eskainiko du; bestetik, euskaldunona bezalako beste komunitate batzuk ere ari dira beraien hizkuntzak biziberritzen, eta esperientzia eta jakintzako konpartitzeko gunea sortuko dugu egoera berdintsuak bizi ditugunok elkarrengandik ikasteko".

Hain justu, urte osoko programa da, baina beste dimentsio bat hartua du egubakoitzaz geroztik, Euskal Herrian diren hizkuntza-aktibistek sei asteko egonaldia egingo baitute hemen: urriaren 31n amaituko da, eta saio teorikoak ez ezik, praktikaldiak, bisita didaktikoak, sentsibilizazio saioak eta proiektugintza uztartuko dituzte, batik bat, Aretxabaletan, han baitago Garabideren egoitza.

Partaideen jatorria

Hizkuntza-aktibisten jatorriari dagokionez, hamahiru komunitatekoak dira: Kaqchikel bat (Guatemala), hiru Yukatango maia (Mexiko),mixe bat (Mexiko), bi kitxua (Ekuador), ketxua bat (Bolivia), bi guarani (Bolivia eta Argentina),nasa bat (Kolonbia), maputxe bat (Wallmapu-Chile), asheninka bat (Brasil), Haitiko kreoleradun bat (Haiti), bubi bat (Ekuatore Ginea), bi amazigh (Rif-Maroko) eta kurdu bat (Kurdistan-Turkia).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak