Contreras gudariaren gorpuzkiak, etxekoekin

Mirari Altube Arrese 2024ko ira. 13a, 17:30

Jaendik Aretxabaletara bizi izatera etorri zen Enrique Contreras Pulidoren gorpuzkiak identifikatu zituen Aranzadik, Zornotzako hilerrian, martxoan. Uztailaren 30ean senideei eman zizkieten horiek, udaletxeko lorategian egindako ekitaldi batean.

(Irudiak: Jose Ramon Intxauspe, Intxorta 1937 Elkartea)

Enrique Contreras Pulidoren (Jaen, 1895) gorpuzkiak topatu zituztela esateko Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak deitu zien senideei uztailean. "Hunkituta jaso genuen berria", adierazi du Donostian bizi den haren iloba Maria Angeles Martinez Contrerasek. "Aita non zegoen jakin-min handia zuen gure amak, eta DNA lagina eman zuen aztertua izan zedin. Orain dela lau urte hil zen hura, 97 urterekin, eta ezin izan du jakin topatu dutela".

Itxaropena galduta

Zornotzako hilerrian hainbat indusketa egiten dihardu Aranzadi Zientzia Elkarteak azken urtean –uztailean hirugarrena–, eta Contrerasen gorpuzkiak aurtengo martxoan egindako bigarren indusketa-kanpainan berreskuratu zituzten. Martinez ilobak galduta zuen hura aurkitzeko itxaropena: "Bagenekien gure aitajauna Diman hil zela, eta hango Udalera jo nuen. Erantzun garbirik jaso ez, eta Gogorara joan nintzen orduan. Hamar bat urte pasatu dira ordutik, eta hainbeste urteren ondoren ez genuen uste aurkituko zutenik. Hala ere, egia da Zornotzako indusketek itxaropena sorrarazi zidatela", dio Martinez ilobak.

Uztailaren 30ean eman zizkieten gorpuzkiak senideei, eta Aretxabaletako udaletxeko lorategian egin zuten oroimen ekitaldia. Senideak elkartu ziren; besteak beste, 93 urte dituen haren seme Enrique Contreras Lopez, Dionisia Contreras Lopez alabaren alabak, eta ilobak eta bilobak. "Oso hunkituta geunden guztiok. Dantzarien agurra izan zen eta hitz batzuk irakurri genituen. Aurkitutako guztia jasotzen duen txosten bat eman ziguten: DNA analisiak, hilobiaren argazkiak, agerpenaren kontakizuna… Pentsa, bota bat jantzita zuela topatu zuten hilobian, eta hori ere badago gorpuzkiekin batera". Familiakoez gainera, Gogorako, Aretxabaletako Udaleko, Intxorta 1937 Elkarteko eta hainbat alderditako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian.

Gorpuzkiak, Aretxabaletan

Senideek beti izan dute aitajaunaren berri, etxean sarri hitz egin dutelako horren gainean. "Ez da isilean gorde den gaia izan, aita topatzeko gogo hori barruraino sartuta zuelako gure amak. Gerra sasoiko kontuak kontatzen zizkigun; adibidez, frontera joan zela bagenekien, hark esanda, baina ez gudaria izan zenik. Guk uste genuen bere kontura joan zela borrokatzera, eta orain jakin dugu batailoi batean egon zela. Amandrea, umeekin, ostera, gerrako babesleku batean egon zen Aretxabaletara itzuli zen arte", dio Martinezek.

Contreras familiak argi zuen gorpuzkiek Aretxabaletan geratu behar zutela: "Gu aretxabaletarrak gara, nahiz eta orain inor ez bizi hemen. Eta osabak nitxo bat alokatu du hilerrian; gainera, esan digu aitaren alboan egon gura duela hark ere".

Jaendik Aretxabaletara

Enrique Contreras Pulido (Jaen, 1895) Linares inguruko herri txiki batean jaio zen, eta Andaluzian ezkondu Dolores Lopez Lopezekin (Linares, 1897). Bi seme alaba izan zituzten: Dionisia (Linares, 1923) eta Enrique (Aretxabaleta, 1931). 1930ean iritsi zen familia Aretxabaletara, aurretik Balmasedan egon ostean. Industrias Beroa lantegian jardun zuen lanean; ijezketan aditua zen eta tailerreko arduradun izendatu zuten. Etxe Berrietan bizi zen familia.

Matxinatutako tropak gerturatzen hasi zirenean, Elorriorantz egin zuten ihes, eta handik Bilbora; ama, umeekin, babesleku batera joan zen. Contrerasek frontera joatea erabaki zuen gerra piztu zenean. EAJri atxikitako Sarasketa batailoiko 2. Ingeniarien batailoiaren 5. konpainian borrokatu zen, eta 41 urterekin hil zen, Diman (Bizkaia), 1937ko apirilaren 6an, Bizkaiko Probintziako Artxibo Historikoan gordetako Kanpainan Hildakoen Erregistroan jasota dagoenez.

Gerra bukatu ostean, Aretxabaletara itzuli zen ama umeekin, baina aurretik izandakorik ezin izan zuten berreskuratu, eta jantoki sozialari esker biziraun behar izan zuten Intxorta 1937 Elkartekoek jasota dutenez. Bertan bizi izan ziren hainbat urtez, eta ezkondu eta familiak eratu ere bai; gero, Enrique semea Gasteizera joan zen –Andaluzian egon ondoren– eta Dionisia alaba, Eibarrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak