Martin Kabarrixa pertsonaiari ongietorria eginda eta tantaia altxatuta hasiko dituzte jaiak egubakoitzean. Ohi legez Iturriko erromaran jarriko dute Martin Kabarrixa eta harekin selfiak ateratzeko aukera izango da: "Edozeinek izango du aukera horretarako. 82 lagun baietz gerturatu!", bota dute erronka.
Martin Kabarrixa zein izan zen ezagutzeko Areantza-Etxebarri baserriko Julen Abasolok pasartetxo bat idatzi zuen orain dela lau urte, eta 2011ko jaietan, auzotarrek hari eskainitako bertsoak abestu zituzten.
Egitaraua gertu
Joan den zapatuan egin zuten auzo-lana jaiei begira, eta dagoeneko egitaraua ere prest dute; auzo afaria –aurten paella-jana–, 23. ginkana, auzoko jolasak, Kurtzebarrira irteera eta labanderan itzulera izango dituzte, besteak beste.
Hona hemen egitaraua osorik:
Irailak 6, egubakoitza
- 20:00 Martin Kabarrixari ongietorria eta tantaia altxatzea, kanpai doinuek lagunduta.
- 20:30 Paella-jana (aurretik izena eman beharra dago).
- Ondoren, dantzaldia.
Irailak 7, zapatua
- 09:30 Diana etxerik etxe.
- 10:00 Ikazkin Trail mendi lasterketako korrikalariak animatu.
- 11:30 Kanpai-hotsak.
- 12:00 Meza, auzoan hildakoen alde.
- 13:00 Luntxa eta 23. ginkana.
- 17:45 Areantzako jolasak.
Irailak 8, domeka
- 11:30 Kurtzebarri mendi tontorrean Arientzakuek Kurtzebarrin 2024 argazki ofiziala.
- Ondoren, ipur-gainean labanderan jaitsiera tontorretik auzoraino.
- Martin Kabarrixa erretiratzea.