Jende asko batu da pilotalekuan elite mailako pilotarien arteko norgehiagoka bertatik bertara jarraitzeko. Maila benetan onean daudela erakutsi dute Amaia Aldai dimarrak eta Nora Mendizabal andoaindarrak, Bilboko Plazandreak txapelketa irabazi berri iritsi baitira. Oraingoan, baina, ez dira bikote izan; Mendizabalek, Aiala Uriarte Gordon sondikarra izan du lagun, eta Aldaik, Irati Betegi aretxabaletarra. Azken honek, aurrekoak baino gazteagoa izanik, promesa mailan dihardu oraindik baina ez da atzean geratu eta dena eman du.
Norgehiagoka parekatua izan da eta tanto bakoitza ondo borrokatua. Gordon eta Mendizabal aurretik joan badira ere Aldaik eta Betegik aurrea hartzea lortu dute. 21era berdindu ostean azken tantoa lehenengoentzat izan da, eta partidua ere bai.
Bukaeran, hustuta zegoen Betegi dena eman ondoren, baina pozik egindako lanarekin: "Oso gogorra izan da, berdindua eta luzea. Nekatuta bukatu dut baina oso gustura".
Abuztuaren 16ean ere bai
Abuztuaren 16an, 17:00etan, beste hainbat partida jokatuko dira. Afizionatu mailan, Betegik Insausti antzuolarra izango du lagun eta Zarrabeitia eta Urrutikoetxearen aurka jardungo dute.
Profesional mailan Bakaikoa eta Elizegik jokatuko dute Zubizarreta eta Ugartemendiaren aurka. Eta jaialdiko partidu izarra izango da Jakak eta Arangurenek jokatuko dutena Alberdi II.aren eta Albisuren aurka. Sarrera izango da 15 euro.