Andra Mari Egunean, 17:00etan hasita, elite mailako Udako Master Laboral Kutxa torneoko partidua jokatuko dute. Irati Betegi aretxabaletarrak Aldai izango du lagun eta aurrez aurre izango dituzte Uriarte eta Mendizabal.
Aurretik, mutilen afizionatu mailako partiduak izango dira. UDAko kide den Aritz Zugasti eskoriatzarrak jokatuko du Balerdirekin bikote eginda eta Etxaniz eta Erle izango dituzte aurrean.
Goiz partean, gainera, herriko pilotari gazteen arteko norgehiagokak jokatuko dira urtero legez, 11:00etan hasita.
Profesionalen arteko partidua
Hurrengo egunean, abuztuaren 16an, 17:00etan, beste hainbat partida jokatuko dira. Afizionatu mailan, Betegik Insausti antzuolarra izango du lagun eta Zarrabeitia eta Urrutikoetxearen aurka jokatuko dute.
Profesional mailan Bakaikoa eta Elizegik jokatuko dute Zubizarreta eta Ugartemendiaren aurka. Eta jaialdiko partidu izarra izango da Jakak eta Arangurenek jokatuko dutena Alberdi II.aren eta Albisuren aurka. Sarrera izango da 15 euro.
Betegi "pozik"
Irati Betegi, Gipuzkoako lau eta erdiko txapelduna jubenil mailan, pozik agertu da halako aukerarekin: "Pozgarria da andramaixetan etxean jokatzeko aukera izatea; denboraldia polita izan da, eta ea jaietan partidu txukunak egiten ditugun."