Aretxabaletan bizi zen Enrique Contreras gudaria identifikatu dute Zornotzako hilerrian

Mirari Altube Arrese 2024ko uzt. 26a, 13:34

Lourdes Herrasti azalpenak ematen Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuari eta Institutuko zuzendariari. (Argazkia: Gogora)

Linares herrian (Jaen) jaio eta Aretxabaletan bizi zen Enrique Contreras genetikoki identifikatu du Gogora−Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Sarasketa batailoiko gudaria, 1937ko apirilean hil zen Diman, eta bere gorpua non zegoen hobiratua ezezaguna zen orain arte.

Zornotzako hilerrian hainbat indusketa egiten dihardute azken urtean eta Contrerasen gorpuzkiak aurtengo martxoan egindako bigarren indusketa-kanpainan berreskuratu zirela eman du jakitera Gogora Institutuak gaur. Identifikazio genetikoa posible izan da haren alabak, 2018an hil zenak, DNA Bankuari emandako lehen lagin bati esker eta aurten bertan izandako bigarren lagin bati esker.

Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu Maria Jesus San Josek identifikazio horren berri eman du, egun hauetan Zornotzako hilerrian egiten dabiltzan indusketa-lanetara egindako jarraipen-bisitan; harekin batera izan da Alberto Alonso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. Sailburuak azaldu duenez, Enrique Contrerasen gorpuzkiak haren familiari emango dizkiote Aretxabaletako udaletxean egingo den ekitaldi pribatuan.

Linaresetik Aretxabaletara

Enrique Contreras, Linaresen jaioa, 1930etik bizi zen Aretxabaletan. Ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba izan zituen eta Aretxabaletako Industrias Beroa lantegian egiten zuen lan. Matxinatutako tropak iritsi zirenean familiak alde egin zuen herritik eta Bilbora joan zen babes bila.

Gerra piztu zenean Contrerasek EAJri atxikitako Sarasketa batailoiko 2. Ingeniarien batailoiaren 5. konpainian borrokatu zuen, eta 41 urterekin hil zen Diman, 1937ko apirilaren 6an, Bizkaiko Probintziako Artxibo Historikoan gordetako Kanpainan Hildakoen Erregistroan agertzen denez.

Hiru identifikatuta 86tik

Zornotzako hilerrian hirugarren indusketa-kanpaina abiarazi zuten uztailaren 24an eta 28a arte iraungo dute lanek. Lourdes Herrasti aretxabaletarrak, Aranzadi Zientzia Elkarteak egiten duen indusketaren arduradunak, egunotan egindako aurkikuntzak azaldu ditu sailburuak egindako bisitan. Hamaika gorpuzki aurkitu dituzte orain, haren esanetan hobi bakarrean lurperatuak; zantzu guztien arabera, gerra garaiko ospitalean hildako pertsonen gorpuzkiak dira.

Aurreko kanpainetan, 2023ko abenduan eta 2024ko martxoan, 86 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu zituzten eta lurpetik atera, eta hiru dira orain arte identifikatutako pertsonak.

Gainerakoak identifikatzeko, Gogora Institutuak dei egin die inguruan desagertutakoen familiei haiekin harremanetan jar daitezen. Horretarako bideak: gogora@euskadi.eus eta 944 032 845.

Zornotzan egiten dabiltzan indusketa lanak. (Argazkia: Gogora)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak