Udalak bat egin du Gure jaiak, berdintasunean kanpainarekin. "Eraso matxistarik gabeko jaiak gurako genituzke", adierazi zuen Ainhoa Sanchezek, Berdintasun zinegotziak, jaiak aurkezterakoan. Hala, Gune Morea aurten ere bi egunetan jarriko dute Mitarte kalean, baina ordutegia zabalduta, hau da, abuztuaren 14an eta 17an, 20:00etatik 01:00etara.
Gainera, telefono bidezko arreta-zerbitzua egongo da: Satevi, 900-84 01 11 – etxeko indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izan diren emakumeentzat–; Ortzadar: 028 – LGTBI+fobiaren biktima izan diren pertsonentzat–; Ertzaintza: 943-53 47 20; eta Udaltzaingoa: 943-71 18 63. Lehenengo hirurak 24 orduz daude martxan.
Horrez gain, jarraibide batzuk zehaztu dituzte: "Eraso bat zer den eta horren aurrean zer egin jakiteko jarraibideak jasotzen dituen dokumentu bat egin dugu. Eta gure asmoa da datorren ikasturtean martxan jartzea prozesu bat, eragileekin eta herritarrekin, protokolo bat eratzeko Udaletik".
Txosnaguneetan protokoloak
Atxabaltako Gazte Mugimenduak protokolo feminista izango du martxan eta ez dute onartuko eraso homofobo, sexista, arrazista, ezta bestelakorik ere txosnagunean.
GuGeu Atxabalta taldeak antolatutako txosnagunean ere erasoen aurkako protokoloa egin dute eta adierazi gune seguru bat bermatuko dela halako kasuetan.