Euskadi Lagunkoia ekimenaren baitako Farmazia Lagunkoiak proiektu pilotuan sartu zen Aretxabaleta orain dela urtebete, Barakaldorekin (Bizkaia) eta Dulantzirekin (Araba) batera. Adinekoen beharrak identifikatzea eta erantzutea da horren helburua, farmaziek prebentzioan duten zeregina indartuta, osasun zentroen, Udaleko Gizarte Zerbitzuen eta beste eragile batzuekin lankidetzan.
Proiektu hori Matia Fundazioak eta Farmazien Elkargoak bideratu dute, eta lantaldea osatu zuten inplikatutako eragileek: herriko bi farmazietako ordezkariak, osasun zentroko mediku bat, ESIko erizain komunitarioa, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak eta Atxabalta Lagunkoia taldeko kideak.
"Eragile garrantzitsua" Atxabalta Lagunkoiako Juan Tomas Zabala izan da taldeko kide, eta farmazien garrantzia azpimarratu du: "Funtzio garrantzitsua dute, nagusiak sarri joaten direlako botikak erostera. Edozein arazo detektatzeko agenteak dira, eta informatzen laguntzen dutenak ere bai".
Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikari Begoña Arenazak ildo beretik egin du berba: "Farmaziek eguneroko hartu-emana dute adinekoekin, eta haiek izandako edozein aldaketaren berri lehenengo jasotzen dutenak". Horregatik, eragile guztien arteko komunikazioa eta koordinazioa indartzearen alde egin du: "Helburua izan da elkar ezagutzea eta egiten dugun lanaren berri izatea. Hala, farmaziakoek ikusten dutena dagokion lekura bideratzeko; Gizarte Zerbitzuetara, esaterako". Era berean, adinekoen bakardade ez-aukeratua ere mahai gaineratu dute lantalde horretan.
Eragileen mahaian jasotakoak
Farmazia Lagunkoia lanketarako elkartutako eragileek egindako bost bileretan ondorioztatutako behar nagusiak eta zehaztutako lanketa.
Koordinazioa eta informazio trukea
- • Eskura dauden baliabideak zerrendatzea. Eta Basotxok eta AtxabaltaMugik dituzten ekintzen egitaraua jasotzea, Atxabalta Lagunkoiaren bidez.
- • Gizarte Zerbitzuen kontaktua farmazietara zabaltzea.
- • Botikak kudeatzeko arazoak dituztenei laguntza ematea.
Farmazien eta osasun zentroaren arteko koordinazioa
- • Komunikazio-protokolo bat zehaztea bi eragileen artean: telefonoz, posta elektronikoz…
- • Osasun zentroak eta farmaziek erabiltzen dituzten sistemak ezagutzeko jardunaldia; bereziki, botikak bideratzeko.
Bakardade ez-aukeratua
- • Nagusilanen bidez laguntza bideratzea.
- • Hitzaldiak antolatzea Atxabalta Lagunkoiak, Gizarte Zerbitzuek eta erizain komunitarioak elkarlanean.
Sarean lan egitea
Anitua botikan egiten du lan Farmazia ikasketak egin dituen Julen Letonak, eta azken urtean EHUren Farmazia Asistentzialeko aditu titulua eskuratu du. Horren baitan, honako lanketa hau egin du: Redes locales de salud, seguimiento y descripción de Euskadi Lagunkoia en Aretxabaleta. "Farmaziak osasun mahai batean duen garrantzia agerian geratu da, baita sarean lan egiteak herri baten duen garrantzia ere".
Era berean, erakundeen garrantzia, esaterako Udalarena, aipatu du, egin beharreko gestioak zein lan taldea bultzatzeko: "Eta azpimarratuko nuke herri batean zein garrantzitsua den eragile ezberdinek elkarlanean jardutea; alor guztietan bultzatu beharko genuke hori, baita osasungintzan ere".