San Lorentzoren omenezko jaiak hasi dituzte Portasol auzoan, kontzertu akustikoekin hain zuzen. Garazi eta Sala arrasatearrak eta Edu Zardoya tuterarrak jardun zuten gitarrarekin, eta Oier Aranegi gaztetxoak debuta egin zuen Sala irakaslearen arrimuan. Jende asko batu zen haien inguruan eta gustura jarraitu zituzten kantuak.
Jaietan, baina, gaur murgilduko dira bete-betean. Egubakoitz gauerako, gainera, autobus zerbitzua izango da Arrasatetik – erdiguneko geltokitik abiatuta–, gauerdian hasi eta 06:00ak bitartean, orduro; joan-etorriak egingo ditu Eskoriatzaraino.
Aurten ereserkia ere egin diete jaiei etxeko musikariek; Kaparrak taldeak eta Pxli&Ekso bikoteak elkarlanean jardun dute horretarako, eta Julene Rosado Garciak jaietako irudi zaharrekin osatu duen bideokliparekin zabaldu dute. Auzotarrek "pozik" hartu dute Portasoli egindako keinua.
Era askotako ekintzak
Jaiak antolatzeko ardura iaz, lehenengoz, hartu zuen talde berak izan du, eta ildo beretik datozela jakinarazi dute. Horregatik, "auzoa bizirik mantentzea" jomuga izanik, adin eta gustu guztiak asetzeko egitaraua prestatu dute. Txosnaguneari dagokionez, kiroldegi aurreko berdegunean jarri beharrean Araba ibilbidetik Markole auzora doan errepidean jarri dute.
Umeek gaur erraldoiak eta buruhandiak izango dituzte eta bihar, berriz, puzgarriak; eta nagusiek, dantzaldia etzi, domeka. Aurten ere aitortza jasoko dute auzoko nagusienak eta gazteenak.
Klasiko bihurtu diren txapelketak ere izango dira: patata-tortilla, egubakoitzean; musa, zapatuan; eta paella, domekan. Auzotarren bazkarian 200 lagun inguru elkartuko dira bihar, eta bazkalostea girotuko dute Atxabalta Harro taldeak gidatuko duen bingo-musikatuarekin.
Musikari dagokionez, era askotako estiloek egingo dute bat hiru egunotan. Pop, rock eta punk-oi! doinuak entzungo dira txosnagunean, baita musika urbanoa ere. Hainbat tabernatan, ostera, musika elektronikoarekin dantzan egiteko aukera izango da.
Beste lau grafiti
Grafitiei aparteko lekua egin izan diete azken urteetan auzoan, eta aurten ere lau marraztuko dituzte: Kepa Balenciagak Mendiolara bideko zubipean egingo du; Iban Urreta Mutikokristal-ek, Gipuzkoa plazan; Josu Cidek, Loramendi kalean; eta Joana Manzisidorrek, Bainuetxe inguruan. Aurrekoetan legez, auzoaren bueltako gaiak irudikatuko dituzte lau hormatan.
Zazpiko futbol txapelketa
Portasolgo jaien baitan kuadrillen arteko zazpiko futbol txapelketa antolatu izan da, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Sei taldek eman dute izena eta Ibarra futbol zelaian jokatuko dute, bihar, zapatua. 10:00etan elkartuko dira taldeak eta 10:30ean ekingo diote txapelketari. Goizeko fasea 13:00etan bukatuko dute, eta arratsaldean, final-aurrekoak eta finala jokatuko dituzte, 16:30ean hasita.
Egitaraua osorik
Uztailak 12, egubakoitza
- • 18:30 Erraldoiak, buruhandiak, gaiteroak.
- • 19:00 Patata-tortilla txapelketa.
- • 19:30 Txupinazoa, txosnagunean.
- • 21:30 Kontzertuak: Pxli&Ekso, Bengo eta erromeria.
- • Gero, DJ Maikel Night.
Uztailak 13, zapatua
- • 10:30 Zazpiko futbol txapelketa, Ibarra futbol zelaian.
- • 11:00 Lasterketak gazteentzat, Bizkaia kalean.
- • 12:00 Arku tiroketa erakustaldia, Markolen.
- • 12:00 Puzgarriak.
- • 15:00 Bazkaria.
- • 16:00 Mus txapelketa, Eguzki-Alden.
- • Arratsaldean, DJak tabernatan.
- • 22:00 Kontzertuak: Garratz, Sukena eta Kaos Urbano.
Uztailak 14, domeka
- • 10:30 Artisauen eta bigarren eskuko azoka, Bizkaia kalean.
- • 13:00 Paella lehiaketa.
- • 19:00 Dantzaldia nagusiendako, Zaraiako aparkalekuan.
- • 20:00 Aitortza auzoko nagusienari eta gazteenari.