Gaueko zerbitzua jarriko dute egubakoitzean, eta honako ordutegia izango du Arrasatetik (erdiguneko geltokia) abiatuta: 00:00ak, 01:00ak, 02:00ak, 04:00ak, 05:00ak eta 06:00ak. Honako ibilbide zirkularra egingo dute: Aretxabaleta (osasun zentroa/Portasol) ordu eta 15 minututan, Eskoriatza (Eduardo Gorosarri) ordu eta 30 minututan, Aretxabaleta (Nafarroa/Lausitta) ordu eta 45 minututan eta Arrasate (Kontzezino) ordu eta 55 minututan. Zirkularrak izango dira, hau da, joan-etorrian ibiliko dira.
Gainera, 03:15ean irteera gehigarri bat egongo da Aretxabaletatik Eskoriatzara, 03:25ean iritsiko dena, eta bost minutu geroago Aretxabaletara abiatuko da hori Eduardo Gorosarri geltokitik, 03:45ean iristeko.
Zerbitzuaren "garrantzia"
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren ekimena izan da Azahara Dominguez diputatuak adierazitako legez: "Beste herri askotan egiten ari garen bezala Lurraldebuseko gaueko zerbitzuak jarriko ditugu jaietara hurbildu nahi duten pertsona guztiek modu jasangarri, seguru eta erosoan egin dezaten". Gaineratu du garraio publikoa dela pertsona askok mugitzeko duten modu bakarra, eta, horregatik, "aisialdiaren baitako ekitaldiak eskura jartzea" dagokiela.
Garikoitz Iturbe alkateak zerbitzu horren garrantzia azpimarratu du: "Hainbat ekintza egongo dira, horien artean kontzertuak. Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu ostiral gauean ere autobus zerbitzua egotea. Inguruko pertsonek, aukera izan dezaten garraio publikoan etxera bueltatzeko. Herriko eta inguruko jaiei begira zerbitzu hau bermatzeko elkarlanean lanean jarraituko dugu".