Jolasek eta erakustaldiek giro polita sortu dute Larrinoko jaietan

Mirari Altube Arrese 2024ko uzt. 8a, 11:00

San Kristobal jaiak ospatu zituzten zapatuan, Larrino auzoan. Eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, era askotako ekintzak izan zituzten eta giro ona sortu zuten bertaratu zirenek. (Argazkiak: Iratxe Bengoa)

Kanpai-jotzearekin eman zioten hasiera egunari; Arientzako Kanpai-jole Eskolakoek jardun zuten horretan, Gorka Madinabeitiak eta Julen Abasolok. Kanpai-doinu mota guztiak jo zituzten, horien artean, Letxuga kanpaia, errepikak eta taketia. Jakin, Unescok ondare immaterialeko kultur ondasun gisa onartu zuela ezkilen eskuzko jotzea 2022an.

Goizeko giroa Aretxabaletako trikitilariek berotu zuten. 12:00etan Arabako federazioko aizkolari eta harri-jasotzaileen lana hasi zen. Aizkolari lanetan Jokin Larrietak eta Isidro Velascok jardun zuten. Velasco trebeago aritu zen eta enborrak bizkorrago moztu zituen. Herri kirolekin bukatzeko, jaira batutakoek sokatiran jardun zuten. 

Bazkaltzeko, Iñaki Uribetxebarriak eta lagunek egindako paella izan zuten. Arratsalde partea girotzeko, ostera, Ainhoa Barandiaran aretxabaletarraren musika elektronikoak eta Arrasateko txalapartarien doinuek bat egin zuten. Umeen jolasekin eman zioten bukaera egunari.

Eguaztenean, zaindariaren eguna

San Kristobal eguna, baina, uztailaren 10ean da eta orduan ere keinutxo bat egingo diote zaindariari. Kanpai-jotzeak izango dituzte 19:30ean, eta meza, 20:00etan. Ondoren, autoak bedeinkatuko dituzte eta mokadutxo bat jan. Gainera, autoa loreekin dotoreen apainduta eramaten duenari saria emango diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak