Hirugarrenez antolatu du merkatarien elkarteak Aretxarte Jaia. "Herriarentzat egindako festa da, eta, era berean, gu, merkatari eta ostalariok, herritarrei hemen gaudela esateko eguna", adierazi du Areder arrandegiko Aitziber Gaunak, Aretxarteko presidenteak. Horretarako, ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute, egubakoitz arratsaldean hasita jai giroari ekin diezaioten aretxabaletarrek.
Bingo-musikatua sariekin
Lehenengoz 2022an antolatutako jaia urtetik urtera hobetzen joan gurako lukete: "Iazkoa, baina, handia izan zen, eta ez da izango samurra haren gainetik geratzea". Horregatik, ildo beretik dator aurtengoa. Umeendako jolasek zeresan handia izango dute; gaur, hainbat gunetan egongo dira gaztelu puzgarriak, eta bihar apar-festa izango da.
Musikak ere ez du hutsik egingo. Batetik, batukada taldeak izango dira kalejiran bi egunetan, eta, bestetik, Aretxabaletako Zerendepya taldearen kontzertua bihar, Mitarte kalean. Zapatu iluntzea, ostera, DJ Txurru eibartar ezagunak girotuko du.
Jatekoa ere nabarmendu gura dute; izan ere, herriko sukaldari ezagunek prestatutako paella-janean 250 bat lagun elkartuko dira. Bazkalostean bingoa egingo dute eta 20 euroko 46 bonu irabazteko aukera izango da.
Elkarteko kideek aretxabaletarrak gonbidatu dituzte jaira: "Herritarren gustuak ase nahian, guztiengan pentsatuta ilusio handiarekin prestatu dugu; hortaz, parte hartu beldurrik gabe".
Egitaraua
Uztailak 5, egubakoitza
- • 17:00 Haurrendako jolasak: Kurtzebarriko kantxa, Herriko Plaza, Ilargi plaza, Durana kalea.
- • 18:30 Batukada: Danbayan. Kaleak.
- • 20:00 Kontzertua: Zerendepya. Mitarte kalea.
Uztailak 6, zapatua
- • 12:00 Batukada: Suthai. Kaleak.
- • 14:00 Sagardo kupela. Herriko Plaza.
- • 14:30 Bazkaria: paella. Herriko Plaza.
- • 16:30 Apar-festa. Kurtzebarri eskolako kantxa.
- • 17:00 Bingoa. Herriko Plaza.
- • 19:00 Kontzertua: DJ Txurru. Herriko Plaza.
Ixadebalde uztailaren 19an
Uztailaren 19an, ostera, Ixadebalde merkealdien azoka egingo dute. Asmoa da Durana kalean elkartzea parte hartuko duten merkatari guztiak: "Eguraldiak laguntzen badu, behintzat, plaza barrenean egongo gara".