Zerendepya: pausoz pauso bidean aurrera

Mirari Altube Arrese 2024ko uzt. 2a, 12:35

Mati Garcia baxu-jolea eta abeslaria, Iban Peñacoba bateria-jolea eta Txus Gutierrez gitarra-jolea. (Argazkia: Zerendepya)

Aretxabaletako talde instrumentalak girotuko du uztailaren 5eko iluntzea, Aretxarte merkatarien elkarteak antolatutako jaiaren baitan. Ibilbide luzea duten musikariek hard-rockaren bueltako doinuekin beteko dute Mitarte kalea.

Duela hamar urte elkartu ziren Iban Peñacoba bateria-jolea eta Txus Gutierrez gitarra-jolea Zerendepya izenaren babespean. Ez ziren hutsetik hasi; izenik gabeko proiektu pertsonalak lantzen aurretik zeuden hasita. 2019an, berriz, Mati Garcia baxua eta abeslaria batu zitzaien.

Izena serendepia berbatik dator: "Hitz horrek esan nahi du nahi gabe edo kasualitatez egiten den ustekabeko aurkikuntza. Suertatzen da beste zerbaiten bila gabiltzala balio handiko zerbaitekin topo egitea. Hori oinarri hartu eta buelta bat emanda asmatu genuen Zerendepya".

Hard-rockaren bueltan

Talde instrumentala da eta hard-rocketik gertu kokatzen dira: "Estilo asko nahasten ditugu: rocka, funka, folka…". Gitarra-jole eta talde askoren eragina izan dute: bereziki 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetako rock taldeena.

Musikari ematen diote garrantzia: "Oraingoz, musika jarri dugu erdigunean. Eta gure indarrak bideratu ditugu oholtza gainean esperientzia hartzera, egiten gabiltzanaz disfrutatzera eta ikus-entzuleak disfrutaraztera". Zuzenekoetan abesti propioak eta bertsioak nahasten dituzte: "Guretzat garrantzitsuak izan diren rock abesti klasikoak sartzen ditugu, talde handien abesti ezagunak: Thin Lizzy, Creedence, Gary Moore eta Joe Bonamassa musikarienak, adibidez".

Arrasate Blues eta andramaixak

UZTAILAREN 19AN ARRASATE BLUES JAIALDIAN IZANGO DIRA; ABUZTUAREN 16AN, ANDRAMAIXETAN

Uztailaren 5ean Mitarte kalean emango dute kontzertua, 20:00etan, Aretxarte jaiaren barruan. Etxeko emanaldiak beti direla bereziak diote: "Batetik, presioa eta erantzukizuna daude; eta, bestetik, gertukoen eta zaleen babesa". Eta Aretxarterekin esker oneko agertu dira. Ez da izango etxean emango duten kontzertu bakarra, andramaixetan abuztuaren 16an ere joko dute eta: "Aretxabaletarrak izanik, oso kontzertu berezia izango da".

Hori baino lehen, uztailaren 19an Arraste Blues jaialdian izango dira: "Mugarri izango da jaialdi hori etorkizunera begira guretzat, seguru; ezagutzera emateko garrantzitsua izango delako eta jasoko dugun esperientziagatik, zentzu guztietan".

Oraindik ez dute diskorik argitaratu, baina ez dute baztertuta: "Mugak abestia grabatu dugu estudioan eta esperientzia polita izan da. Kuartela diskoan dago jasota hori eta hainbat plataformatan entzun daiteke. Materiala badugu sortuta eta etorkizunean album batean jaso gurako genuke, baina, oraingoz, ez da lehentasuna".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak