Izena duena bada, eta horregatik izena jartzea erabaki dute azken urteetan ere lanean jardun duten hainbat transmaribibollo gaztek: Lohixak. Hala, ekainaren 28an ekingo dio ibilbideari, jendaurrean aurkeztuta eta taldera batzeko gonbidapena zabalduta.
Batzeko gonbidapena gazteei
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna mugarri izan dute. "Ekainaren 28aren bueltan elkartu izan gara azken hiru-lau urteotan, baina bagenuen hori baino gehiago antolatzeko erronka, herriko jaietan edo urteko bestelako egunetan. Hortaz, urteroko data bazetorrela ikusita izen bat pentsatzen hasi ginen, norabidea finkatzen, izaera zehazten…", azaldu dute kideek. Eta hortik etorri da Lohixak: "Historian zehar esanguratsua izan da adjektibo hori kolektiboko jendearendako; zikinak izan garelako, erlijioak esandakoa ez dugulako jarraitu".
Zortzi-bederatzi lagun elkartu dira, oraingoz, eta haien helburuen artean dago transmaribibollo gazteengana gerturatzea: "Mugimendu honen bueltako talderik ez da izan Aretxabaletan historikoki, ez dugu erreferenterik izan. Horregatik, taldea sortu gura izan dugu oraina zehaztu eta etorkizuna irudikatzeko. Gazteon interesak jarri gura ditugu erdigunean eta herrira zabaldu gure borrokak eta interesak, gure ekimenek aurrera egin dezaten". Taldea irekia da, edonor gertura daiteke: "Eta horretara gonbidatuko ditugu ekainaren 28aren bueltako ekitaldiekin".
Borroka eta ospakizuna
Kolektibo bat, borroka bat leloarekin mobilizazioa deitu dute Atxabalta Harro elkartearekin batera egubakoitzerako; 18:30ean abiatuko da manifestazio hori, Herriko Plazatik.
"Kolektiboko jendeak bai edo bai borrokatu behar dugun arren, gainerakoei ere ardura hartzeko dei egiten diegu; adierazi gura dugu aretxabaletar guztion erantzukizuna dela herri bizigarriagoa eraikitzea. Horretarako aliatuak lortzea da gure helburua", diote Lohixak taldeko kideek, eta gaineratu dute manifestazio ahalik eta jendetsuena gurako luketela: "Erakutsi dezagun mugimendua garrantzitsua dela, herrian ere badagoela horrekin bat egiten duen jendea". Aurrerapausoak eman badira ere oraindik asko dagoela lortzeko diote: "Erasoak eta jarrera homofoboak ez dira desagertu, ezta murriztu ere".
Aldarrikapenak kaleratzeko eguna da, baina ospatzeko eguna ere bai: "Urtean zehar egindako gure lanaren berri eman eta hori ospatzea dagokigu". Hala, mobilizazioa bukatutakoan, 21:00 bueltan, jai giroari ekingo diote Urbaltzen. "Pintxadrag! izenarekin musika jarriko dugu, pikoteoarekin, eta itxuraldatzeko aukera ere emango dugu, gura izanez gero. Mistoa izango da; hau da, kolektibokoa ez den jendeari ere irekia, baina errespetuz jokatzea eskatuko dugu, eta ez dira onartuko edozelako jarrerak".
Egubakoitzeko ekitaldia mugarri izango da: taldearen sorrera, hain zuzen ere; haien helburua da hasitako ibilbideari urtean zehar ere jarraipena ematea.