GuGeu Atxabalta taldea sortu dute, herri identitatea "indartzea" xede

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko eka. 18a, 11:05

GuGeu Atxabalta taldearen aurkezpena. Irudia: GuGeu Atxabalta.

Epe motzeko helburuei dagokienez, asmo dute Andramaixetan txosna bat jartzea Kurtzebarri eskolako pistan. Horretarako, ekainaren 20an, eguenean, egingo dute lehen asanblada, 18:00etan.

GuGeu Atxabalta taldea sortu berri dute Aretxabaletan, gazteen aisialdiari dagokionez hutsune "nabarmena" antzeman dutelako azken urteetan: "Egun bizi garen gizarte kapitalista honek gure aisialdia kontsumismora bideratzen baitu, gazteon isolamendu soziala sustatuz. Horrez gain, herrian aniztasun falta, autokritika eza, gustura eta seguru egoteko espazio falta, zentsura... eta beste hainbat gauza ikusten ditugu", eta, hala, "oso garrantzitsutzat" jotzen dute "aretxabaletar denei bere lekua edukitzeko" aukera ematea alternatiba bat eskainiz: "Horregatik erabaki dugu GuGeu Atxabalta sortzea; herri identitatea indartzea izango dugu helburu".

Taldeko kideek adierazi dutenez, "herritik eta herriarendako" sortu duten talde bat da: "Hemen ez dugu sexu, adin eta jatorri ezberdinetako jendea baztertzen, gure ezaugarrietako bat baita aniztasuna. Gure taldean denen parte hartzea bermatuko da; izan ere, kolektiboan pentsatzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Eta, zelan ez, adierazpen askatasun osoa bermatuko da, aldez aurretik esan bezala benetako aniztasunean sinesten dugulako".

Epe motzera, txosna bat

Helburua erdieste aldera, beraz, epe motzera, Andramaixetan txosna bat jartzea izango dute xede, "autogestionatua eta xumea" izango dena, Kurtzebarri ikastetxean: "Herritar denak gonbidatuta egongo dira, eta, nola ez, herriko sortzaile denek bertan bere proiektuak erakusteko aukera edukiko dute". Horretarako, hainbat batzar egingo dituzte eta eguenean, hilaren 20an, izango da lehena arratsaldeko seietan.

Hala ere, nabarmendu dute taldea ez dela itxia, aretxabaletarrak "antolatu ahal izateko leku bat baizik": "Herrian antolakuntza falta ikusi dugu, gazteria oso sakabanatuta eta norabide finko barik: horrek zaildu egiten du gauzak antolatzea eta aurrera eramatea. Eta horregatik gura dugu talde honen bidez aretxabaletar denek aukera izatea euren proposamenak aurrera eramateko, askatasun osoz, epaituak izan barik". Hala, parte hartzeko deia egin dute, "denak batera antolatu eta Aretxabaleta berpizteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak