Katuengan arreta jarrita hasi da lanean Babestuz elkartea

Mirari Altube Arrese 2024ko eka. 7a, 16:59

Orain dela bi hilabete eratu zuten kaleko katuak babestea eta horien familiak kontrolatzea helburu duen elkartea herriko hainbat lagunek, aurretik egon zenari lekukoa hartuta, eta dagoeneko bederatzi katu eman dituzte adoptatzeko.

Katuen babeserako elkartea ez da berria Aretxabaletan. Orain dela zortzi urte eratu zen lehenengoa, baina iaz bukatutzat eman zuen ibilbidea. Hori jakinik, herriko hainbat lagun elkartu eta erabaki zuten berriro ekitea lanari. Hala, orain dela bi hilabete eratu zuten Babestuz. "Animalien babeserako lege berriaren aurrean, jende multzo esanguratsu batek erabaki dugu elkartea martxan jartzea, Udalarekin elkarlanean, kaleko katuen koloniak kontrolatzeko eta murrizteko", azaldu du Tere Artanok.

Elkartearen zuzendaritzan hiru lagun daude: Tere Artano bera, Laura Benito eta Merche Vilchez. Eta haien alboan, "egunero egin beharreko zereginetan" laguntzen, beste hainbat dabiltza. Hain zuzen ere, argitu gura izan dute horietako hainbatek txartel ofizial bat dutela kaleko katuak elikatzea baimentzeko: "Elkarteko kide bat gauero joaten da jaten ematen herriko hainbat puntutara. Helburua da elikagai egokiak ematea, eta ez ogia; horrek, gainera, arratoiak erakartzen ditu. Horregatik, gogorarazi gura dugu baimenik ez duten herritarrek ezin dietela jaten eman kaleko animaliei".

Adopzioa eta esterilizazioa

Elkartearen bi hilabeteko ibilbidean dagoeneko bederatzi katu eman dituzte adoptatzeko. Sare sozialen bidez eta animalien babeserako elkarteen laguntzarekin ematen dute adopzioen berri. "Ez dakit Donostialdean zer gertatzen den, baina eskaera gehienak inguru hartatik iritsi zaizkigu: Errenteriatik, Zumaiatik, Oriotik…", eman du aditzera Benitok. Orain, beste hiru kume dituzte emateko moduan: "Bi hilabete ingurukoak dira eta horietako bi erreserbatuta ditugu". Familiei eman aurretik albaitariarengana eramaten dituzte, oinarrizko azterketa bat egin
diezaien: "Belarriak eta sudurra begiratzen diete, baita parasitorik ote duten ere".

Bi edo hiru hilabetetik gorako katakumeak ematen dituzte adopzioan, eta familiekin hartu-eman estua izaten saiatzen dira; horregatik, katuak ezagutzeko, etxera gonbidatzen dituzte. "Adopzioan emandakoan kontratu bat sinatzen dute familiek, eta ondoren ere jarraipena egiten diegu; behintzat, hasieran. Argazkiak eta bideoak
bidaltzen dizkigute".

Elkarteak bere gain hartu duen beste arduretako bat da katu helduak esterilizatzea: "Herriko kopurua kontrolpean izateko eta neurririk gabe ez ugaritzeko, esterilizatzera eramaten ditugu; kumeak izan ostean, adibidez. Izan ere, urtean hiru aldiz erditu daitezke eta bakoitzean hiru, lau edo bost kume izan".

Lokal baten zain

Babestuzeko kideak "pozik" daude Udaletik jaso duten babesarekin, eta gaur egun lokal baten zain daude: "Sortzen diren beharrei erantzuteko izango da lokala. Adibidez, jatekoa gordeko dugu: pentsu-zakuak, esne-hautsa, biberoiak… Baita amarik gabeko kumeak ere; eta haurdun daudenek leku lasai bat izango dute erditzeko". Datorren astean lokal horren gaineko berriren bat izatea espero dute.

Udalaren laguntzaz gain herritarren laguntza ere beharrezkoa dela adierazi dute, "gastu asko" sortzen direlako. Dirua batzeko kontu bat zabaldu dute Laboral Kutxan: 0002120020086596.

Era berean, edonork argibideak gura izanez gero edo arazoren baten berri eman, elkarteko zuzendaritzako kideekin jar daiteke harremanetan: Laura Benito (619 98 47 63), Tere Artano (658 73 42 17) eta Merche
Vilchez (648 19 10 80).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak