Debagoienean elikadura burujabetzarantz beste jauzi bat egin eta oinarri konpartitu bat sortu nahi dute hainbat eragile eta erakundek, etorkizunean bertako produktuak modu agroekologikoan sustatu daitezen. Hala, euren artean elkartu eta estrategia bat markatzeko proiektu bati ekin zioten, eta, orain, urtebeteko ibilbidearen ostean, Esperientziak ezagutuz gurean erein jardunaldiak egingo dituzte. Ekainaren 19an izango da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean, 09:15etik 14:00etara, eta martxan da izen-ematea.
Jardunaldietan orain artean emandako pausoak konpartituko dituzte parte-hartzaileekin, eta baita aurrera begirako gakoen berri eman ere. Are gehiago, Euskal Herriko beste proiektu batzuk ezagutzeko aukera ere izango da, "esperientzia erreferenteak" izanik. Zehazki, honakoa da egitaraua:
- 09:15. Harrera eta ongi etorria.
- 09:30. Agurra. Aretxabaletako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
- 09:45. Debagoieneko elikadura burujabetzarantz egitasmoaren aurkezpena, Ainhoa Narbaiza (Ereindajan Kooperatiba) eta Elena Herrarteren (Debagoiena 2030) eskutik.
- 10:15. Hernani elikadura burujabetza, zergatik eta zertarako? hitzaldia, Xabier Lertxundi Hernaniko alkatearen eskutik.
- 11:00. Garro kooperatiba eta Iparlab, Argitxu Ithourriaren eskutik (SCIC Garro – Lekorne)
- 12:00. Kafea eta atsedena.
- 12:30. Aleko egitasmoaren aurkezpena, David Gonzalezen eskutik (Sustraiak Kooperatiba).
- 13:15. Debagoieneko egitasmoaren aurrera begirako urratsak, Arianne Kareaga (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko kidea eta proiektuaren koordinatzailea) eta Asier Garairen (Eskubaratzeko kidea eta ekoizpen proiektuko lan taldeko kidea) eskutik.
- 13:45. Galderak eta solasaldia.
Hiru prozesu martxan
Egin beharreko bidea arnas luzekoa dela diote egitasmoaren sustatzaileek, baina dagoeneko hiru prozesu abiatu dituztela: baratzezaintza profesionalean eredu kolektibo bat; sektoreari babesa eta sostengua emango dion egitura komunitario baten sorrera; eta ekoizpena trakzionatzeko Fagor-eko jantokietan bertako produktua hornitzeko sistema garatzea.